Galtzagorri alkartea 1990. urtean sortu zan eta bi dira honen helburu nagusiak: irakurketeagazko zaletasuna sustatzea ume eta gazteen artean, eta ume eta gazte literaturea sustatzea eta ezagutarazotea. Horregaitik, erakunde honetan ume eta gazte literatureagaz hartu-emonak dituen edozeinek parte hartu leike: idazleak, ilustratzaileak, kontalariak, irakasleak, liburuzainak, itzultzaileak, editoreak, liburu saltzaileak…
Aitatu egitasmoak martxan jarteaz gan, euskerazko ume eta gazte literatureari bestelako ekarpenak be egiten deutsoz Galtzagorri alkarteak. Horren adibide bat, OEPLI (Espainiako Ume eta Gazte Liburuaren Erakundea) erakundearen Euskadiko saila lortu izana, azken hau barriz, IBBY (International Board on Books for Young People) erakundearen sail espainiarra dalarik. IBBY erakundea Ume eta Gazte Literaturea sustatzeko eta ume guztiek liburu onak euki deiezan eskubidea errealidade bihurtzeko asmoz UNESCOk sortutako nazinoarteko erakundea da. Hori dala eta, estadu espainiarrean antolatzen diran lehiaketetan hautagai euskaldunak proponiduten ditu Galtzagorrik, Lazarillo Saria eta Ume eta Gazte Literatura Sari Nazionala, adibidez.
Era berean, erakunde honek IBBYren Ohorezko Zerrendea edota Andersen sariaren euskal idazle/ilustratzaile/itzultzaile hautagaiak be aukeratzen ditu.
Ibilibide luzean hainbat proiektu abiarazo eta sendotu ditu Galtzagorrik. Urtetik urtera handitzen doa sortzen dituen ekimenen kopurua: literatur mintegi eta jardunaldiak, ume eta gazte literaturako ikastaroak, irakurketea sustatzeko proiektuak eta bestelakoak. Argitalpenen arloan, Galtzagorrik urtean birritan argitaratzen dau ume erta gazte literaturean ganean euskeraz dagoan aldizkari bakarra: Behinola.