Arriaga Antzokiak arte eszenikoen aldeko apustuarekin jarraituko du 2014-2015 denboraldian

uriola.eus 2014ko eka. 3a, 12:00

Ekoizpen propioaren alde lanean jarraitzen du Arriaga Antzokiak eta ezaugarri bezala malgutasuna izango duen programazio osatua eskainiko du datorren denboraldian.

Ibone Bengoetxeak, Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Arriaga Antzokiko presidente eragileak, eta Emilio Sagik, Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistikoak, 2014-2015 denboraldiko programazioa aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan. Denboraldia datorren abuztuan hasi eta 2015eko ekainera arte luzatuko da. Bizi dugun garaiak eskatzen duen soiltasunean eta irudimenean oinarrituz diseinatu den programazio berria hiru zutabetan eusten da: aniztasunean, sorkuntzan eta dibertsioan.

2014-2015 denboraldiak garrantzi berezia du, 2015ean Arriaga Antzokiak 125 urte beteko baititu. Urteurren hori oso ekitaldi bereziaren bitartez ospatuko da, ospakizun jardunaldi bikoitzarekin, maiatzaren 30ean eta 31n. Ospakizunaren protagonistak artistak izango dira egun batean, eta artista bilakatuko diren ikus-entzuleak, beste egunean.

Gaurko agerraldian jakitera eman dutenez, Arriaga "osasun egoera bikainarekin helduko da zifra polit horretara". Euren hitzetan, "osasun egoera oso ona da alor ekonomikoan, krisi garai hauetan aurrera eramandako kudeaketa onari esker, zein artistikoan, Arriaga Antzokiak gero eta ekoizpen lan propio gehiago sortzen dituelako". Denboraldi honetan, El Juez lanaz gozatu ahal izan dugu, mundu mailako ekitaldia, Josep Carreras eszenako operara itzuli delako. Lan horrek, Arriaga Antzokiak, "nazioartean oihartzuna duten neurri horretako ekitaldiak bultzatzeko eta bere gain hartzeko duen gaitasuna erakutsi" duelarik.

Ekoizpen propioa
Ekoizpen propioaren aldeko apustuak aurrera jarraitzen du eta datorren denboraldiari begira indartu ere egingo dela aurreratu dute. Arriaga Antzokiak 2014-2015 denboraldian ekoiztu eta eszenaratuko duen proiektu garrantzitsuena La viuda alegre izango da, 1905ean Franz Leharren musikarekin Vienan estreinatu zen operetaren klasiko handia. Emilio Sagiren eszena zuzendaritzapean egingo den moldaketa berri honek jatorrizko lana irauli eta “glamourrez” betetako musikal handi bilakatuko du. Datorren urteko maiatzaren 7tik 24ra gozatu ahal izango dugu Arriaga Antzokian.

Artista handiak
Arte eszeniko guztiak barne hartuko dituen eskaintza erakargarria osatzeko asmoaren baitan, Arriaga Antzokiak antzerki, lirika, musika eta dantza lan bikainak programatu ditu, profesional handien presentziarekin. Horien artean, jada oso ezagunak diren eta ibilbide luzea duten izarrak eta sortzen ari diren artista bikainak aurkituko ditugu. Besteak beste, Concha Velasco, Blanca Portillo antzezlea edota Ana Belen abeslaria.

Lehen mailako musika eta dantza
2014-2015 denboraldirako musika eta dantza eskaintza ere oso aberatsa eta anitza da. Esaterako, Ute Lemper antzezle eta abeslari alemanak, Pablo Neruda poeta txiletarraren hamar bat poemaz osatutako kontzertua eskainiko digu azaroaren 20an, artistaren beraren jatorrizko musikaz eta bere karreran izan dituen kanta arrakastatsuez lagunduta: Kurt Weill, Jacques Brel, Friedrich Hollaender eta Léo Ferréren abestiak.

Musikal arrakastatsuak
Duela egun batzuk iragarri zutenez, The Hole (Zuloa) da Arriaga Antzokiaren datorren denboraldiari hasiera emango dion ikuskizuna. Show lotsabako horretan, La Terremoto de Alcorcon eta Queque izango dira zeremonia maisuak, abuztuaren 14tik irailaren 6ra. Hori dela eta, Bilboko Aste Nagusirako apustu handia izango da.

Arriagako Gelatxoak
Datorren denboraldian ere, Arriagako Gelatxoak hazi egingo dira, eszenatokiko bertsioan. Arriagako Gelatxoak ekimena Emilio Sagik bultzatu zuen 2008-2009 denboraldian, ikus-entzuleei beste mota bateko ikuskizunak eskaintzeko helburuz, formatu txikiagoan, instimistagoan eta gertukoagoan, ikus-entzuleek eta antzezleek ia lekua konpartituz. Horrez gain, Arriagako Gelatxoek bertako arte proposamenak eskaintzen dituztela gogorarazi dute, eta hori oso lagungarria dela Euskadiko eszenarentzat eta artistentzat.

Ekainaren 30ean salgai
2014-2015 denboraldiko ikuskizun guztietarako sarrerak ekainaren 30etik aurrera eskuratu ahal izango dituzte ikus-entzuleek (jada salgai dauden The Hole ikuskizunarenak izan ezik), Arriaga Antzokiaren ohiko salmenta kanaletan: www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefono zenbakian edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Arriaga Antzokiaren 125. urteurrena
1890eko maiatzaren 31n, arratsaldeko 20:00etan, altxatu zen lehen aldiz antzokiaren oihala. Handik denbora gutxira ikus-entzuleek, antzokia zegoen eta musikari bilbotar handiaren izena zeraman plazaren izena hartuta, “Arriaga” izenez ezagutu zuten. Ikus-entzule pribilegiatuek gau hartan ikusi ahal izan zuten lana Amilcare Ponchielliren La Gioconda opera izan zen. Gau hartatik, antzoki zahar baina berriztatu horrek ehunka aldiz altxatu eta jaitsi du oihala, eta dantza, opera, zartzuela, antzerki edo abesti alorretako artista handienak izan ditu bere eszenatokian. Asko izan dira, baita ere, “Arriagako hitzaldien” bitartez kulturaren edo politikaren urak mugitu dituzten pertsonaia publikoak, eta hainbat izan dira bertako eserlekuetan eseri eta barrea, emozioa, txaloak eta, batzuetan, baita loalditxoren bat ere, bizi izan dituzten bilbotarren belaunaldiak.

Urteurren hori ospatzeko, Arriaga antzokiak ospakizun jardunaldi bikoitza proposatzen du. 2015eko maiatzaren 30ean, diziplina anitzeko ikuskizun handia ospatuko da, eta bertan, antzerki, musika, abesti, dantza, umore eta eszenatoki gainean egon daitezkeen genero guztietako gure inguruko artista azpimarragarrienetako batzuek hartuko dute parte.

Hurrengo egunean, maiatzaren 31n, ikuskizuna, omenaldiarekin bat egin nahi duten eta eszena gainean dituzten trebeziak erakutsi nahi dituzten pertsona, artista zaletu… guztiek eskainiko dute, Beraz, Arriaga Antzokia Bilboko biztanleentzat zabalduko da, euren alderdi artistikoa erakutsi dezaten. Izan ere, Arriaga Antzokiak beti azpimarratzen du “guztion antzokia dela”, eta orain “guzti” horiek izango dira Arriaga “euren antzokia” dela erakutsi ahal izango dutenak.  

Egitaraua hemen

 

EH Bildu: euskararekiko eta euskaldunekiko "sentsibilitate eskasa"
Ikuskizunen kantitatea eta kalitatea alde batera utzita, antzokiko zuzendaritzaren euskararekiko eta euskaldunekiko "sentsibilitate eskasa argi geratu dela beste behin ere" salatu du EH Bildu koalizioak. Adibidez, Cuartitos del Arriaga atalean antzerki saio guztiak gazteleraz izango dira, baita produkzio propioen artean ere. Antzokiko administrazio kontseiluaren bileran, EHBilduko ordezkariak berretsi du Arriaga antzokiaren "funtzioa ere badela Bilboko publiko euskaldunari eskaintza egokia egitea". Eta jasotako "erantzun bakarra izan da kasualidade hutsa izan dela”.

Euskarak eta euskaldunok "jasotzen dugun tratu txarraren beste adibide bat da, EH Bilduren arabera, Zazpi aldiz elur Atxagak Laboaren omenez sustatutako ikuskizuna, egun bakar batean eta astelehen batean programatu izana, "ikuskizun mota batzuetarako ahalegin handiagoa egiten dutenean egun ‘fuerteetan’ kokatzeko".

2014ko aurrekontuen aurkezpenean, Arriaga Antzokiko jarduera hobetzeko eta euskararen presentzia handitzeko neurrien dekalogo bat aurkeztu zuen EH Bilduk, eta "bat ere ez dute kontuan hartu". Hizkuntza politika udal sail guztiak "era transbertsalizatu batean" egin beharreko politika da David Lopategi zinegotzairen esanetan. "Fabore gutxi egiten diogu gure hizkuntzari bere sail propiotik udalatxean dauden alderdi guztien euskararen aldeko akordioa bultzatzen duten bitartean, indar espezifiko handiagoa duen beste sail batek euskarari horrelako tratamendu mespretxagarria eskaintzen badio".