Bilboko Udalak Literatura Sormena piztearren antolatzen dituen hiru sarietako baten irabazlea aurkeztu dute 11:30ean, Areatzan, hain zuzen ere, Unai Baztarrikaren `Ezinbestean´ poesia liburua. Lan honekin irabazi zuen idazle Beasaindarrak iazko Blas de Otero poesia lehiaketa.
Baztarrikak dioenez, ezinbestean idatzitako lerroak jasotzen ditu liburuak, "luzaroan gordeak zituen ideia harriztatuak". "Erraietatik bertatik erauzitako poema sare itoa da. Idazteaz, idatzi ezinaz eta sorkuntza behartuaz hitz egiten dut liburu honetan. Barneko nahiz kanpoko hormez egindako gogoeta. Arraildutako pareta zaharrez, baina baita eraiki berri ditugun horma ikusezin horietaz ere. Inoiz irmo izan nituen sentipenen dekadentziari oihu egiten diot testu hauetan. Barnean lehertu zaizkidan trumoiei emandako hitzezko erantzuna da. Iraganaren ateak itxi eta garai berri baten aurrean ezinbestean idatzi ditudan poemak".