Pablo Sorozabal omenduko du Udal Musika Bandak

uriola.eus 2014ko eka. 6a, 08:15

Gaur jarraipena emango zaio Udal Musika Bandaren udaberriko kontzertu-zikloari. 19:30etatik aurrera, musikak Areatzako kioskoa beteko du, publiko zabalari begira prestatutako programarekin. Kontzertua Iñaki Urkizu Bilboko Bandaren zuzendariordearen batutapean egingo da.

 

Kontzertua hasteko, bandak gaur egungo pieza bi eskainiko ditu: Roger Fletcheren March for a new era delakoa eta egungo musika-banden egile eta moldatzaile ospetsuenetakotzat jotzen den Franco Cesariniren Alpina Fanfare. Gero, Pablo Sorozabalen Black el payaso operetaren txanda izango da. Musika-asmo handiko lan biribil hau, 1942an estreinatu zuen konpositore donostiarrak. Bandak zarzuela honen fox-duetoa eta martxa-kuartetoa joko ditu, obra liriko eta sinfonikoen konposizioan jardundako XX. mende osoko musikagile ospetsuenetako bati -arrakasta artistiko handia lortu zuen, baina ez ekonomikoa- omenaldia eginez.

Programaren barruan, halaber, Gilbert Vinter konpositore britainiarraren Bizkaia, Kees Vlack holandarraren Music for a movie picture eta Geronimo Gimenezen El baile de Luis Alonso zarzuelako interludio ezaguna eskainiko dira. Kontzertua amaitzeko, Bandak Jose Maria Martinen Corazón gitano pasodoblea eskainiko du. Martin Marcial, eres el más grande eta genero horretako beste hainbat doinuren egilea da.

Iñaki Urkizu arduratuko da 40 musikariko banda zuzentzeaz. Urkizu 2007tik da Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea. 750 kontzertu baino gehiago zuzendu ditu eta hainbat diskoren grabaketetan parte hartu du.