Helburua, Miguel de Unamunoren figura hurbildu eta XIX. mendearen amaierako Bilbon kokatzea da. Ibilbidea Arriaga plazatik abiatu eta Unamuno plazan amaituko da, Posta kalea, Done Jakue plazatxoa eta Zamudioko Atea zeharkatu ondoren. Bisitaldian, idazlearen haurtzaroko Bilbo hark zeuzkan itxura, giroa eta ohiturei buruzko zertzeladak emango dira, Bilboren gaur egungo ezaugarriekin alderatuz.
Era berean, idazkietan itsatsita geratu diren Don Miguelen bizitzako zenbait pasarte eta xehetasun ere aipatuko dira, hala nola, Deustu aldean egindako udako oporraldiak, itsasadarrarren bazterretako jarduerak eta giroak, pentsalariaren ibilbiderik gustukoenak, Bilboko mintzaira tipikoa, Erronda eta Gurutze kaleetan izandako bizilekuak, ezagutu zituen pertsonaia ospetsuak eta, nola ez, bigarren kalistadako eta Bilboren setioko oroitzapenak.
Ikasleen bisitaldietan, arreta berezia egingo zaie Unamuno ikasle ibili zen eskolari eta ikastetxeari, eta egungo ikastetxeen aldean zituzten desberdintasunei, ikas-egutegitik ikasgaietaraino, irakasleak eta hauekiko protokoloak barne. Unamunoren garaiko pasadizoak, jolasak eta haur-kanturik ezagunak ere errepasatuko dira, baita ikasleen artean zeuden erritualak, kaleko borrokak edota Unamunok institutu garaiko ikaskideekin zituen eztabaida filosofikoak ere.