Ara Malikian biolin-jotzaile libanoarrak Miguel de Unamunoren omenezko kontzertua eskainiko du, Bidebarrieta Kulturguneak eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak idazle bilbotarraren jaiotzaren 150. urteurrena gogoratzeko antolatu dituzten ekitaldien barruan.
Musikaria Fernando Egozcue gitarra-jotzaile argentinarraren laukotearekin batera taularatuko da, Begiak itxita delako kontzertua eskaintzeko asmoz. Emanaldia liburutegiko ekitaldi-aretoan izango da barikuan, hilak 20, 19:30ean. Sarrerak liburutegian bertan salgai egongo dira, kontzertuaren egun arte, 10 euroko prezioan.
Ara Malikian armeniar jatorriko biolin-jotzaile urduri eta adierazkorra, inon honelakorik izatekotan, Alemaniara joan zen ikastera beka batez, 15 urte besterik ez zituela. Hortxe hasi zen bere karrera musikala, bere ibilaldi geografiko eta estilistiko luzea. Gaur egun, Madrilen bizi da, eta musika klasikoko hainbat talderekin kolaboratzen du, baita artista flamenkoekin, jazz kantariekin eta zinemako soinu-banden sortzaileekin ere. Era berean, dibulgazio arloko lan eskerga egin du, besteak beste, RTVEko Pizzicato programari esker. Alemaniako Kultura Ministerioak ematen duen Jardun eta Betetze Artistikoaren Saria lortu du, baita ikuskizun eszenikorako konposizio musikalik onenaren arte eszenikoetako MAX saria ere, eta bi Musika Sari eskuratu ditu musika berrien album onena eta musika klasikoko interprete onena delako kategorietan.
Bidebarrietara dakarren Begiak itxita delako ikuskizunean, jatorri argentinarra eta jazz-eragin nabarmenak dituen Fernando Egozcueren musika aurkeztuko du. Egozcueren gitarrarekin batera, Migel Rodrigañez kontrabaxu-jotzailea, Martin Bruh perkusio-jotzailea eta Moises Sanchez piano-jotzailea taularatuko dira. Boskotearen instrumentazioak (biolina, gitarra, pianoa, kontrabaxua eta perkusioa) eta taldea osatzen duten musikarien kalitate frogatuak beharrezko trinkotasun erritmikoa eta sendotasun harmonikoa eskaintzen dizkigute, amorerik eman ez duen estilo pertsonal handiko musikaz gozarazteko.