Maison 13ko lagunek uriola.info-ri azaldu diotenez, atzo arratsaldean Ertzaintza Dendarikaleko 30.zenbakiko eraikin okupatura gerturatu zen eta bertan zegoen lagun bat identifikatu zuen.
Gaur goizean aldiz, eraikinaren jabea izan da Maison 13n agertu dena eta berarekin batera, segurtasun pribatuko lau agente eta sarrailagile bat. Barruan lotan zegoen pertsona bat kaleratu dute lau agenteek eta eraikina hormatzen hasi dira. Ertzaintza heldu denean, lagun talde batek barrura sartzea lortu du.
Behin barruan, segurtasuneko langileekin liskarrak izan dituzte eta Berria.info agerkariaren arabera, "jo egin dituzte eta gasa isuri diete". Gainera, ertzainek hainbat lagun identifikatu dituzte eta segurtasuneko langile bat ere. Jarraian alde egin dute eta eraikinaren barrualdean geratu dira okupatzaileak.
Maison 13ko kideek adierazi digutenez, "ez da desalojo bat izan, egoitzaren bortxatzea baizik". Azaldu dutenez, orden judizialik ez zuenez, "jabeak legez kanpoko ekintza bat burutu du".
Maison 13ko kideen oharra
Segurtasun pribatu enpresa baten desalojo saiakerak porrot egin du
Grupo Bilbao Guardas segurtasun enpresa pribatua Dendarikale 30 zenbakian dagoen Maison 13 etxean sartu eta bertako bizilagunak era ilegalean kaleratzen saiatu da. Segurtasun enpresa honetako zenbait kidek polizia zirela esan dute, egia ez izan arren.
Gertaeren momentuan, goizeko lehenengo orduan, etxean bertan bizi zirenetako batzuk aurkitzen ziren barruan. Hauek Udaltzaingoa deitu dute egoitzaren bortxatzearen eta Grupo Bilbao Guardas enpresako kideen jarrera oldakorraren berri emateko. Udaltzaingoaz gain Ertzaintza ere Maison 13ra gerturatu da eta agindu judizial barik bertan zeuden lagunak kaleratu ditu.
Etxean bizi den pertsonari polizia gisa identifikatu zaion gizona ez da segurtasun pribatuko elementua izan, jabearen morroi bat baizik. Bestalde, argi utzi nahi dugu, jabea bera izan dela etxean sartu dena morroi eta segurtasun pribatuko elementuek lagunduta.
Memento horretan, jadanik, kolektiboko kide batzuk kanpoan zeuden etxeko bizilagunei elkartasuna erakusten eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak alde egin dute. Bizilagunak, euren partetik, etxera berriz sartzen saiatzen zeudenean, segurtasun enpresako kideek sarrera oztopatzen saiatu dira. Halere, ezin izan dute eta bizilagunek sartzea lortu dute.
Minutu batzuk pasa ondoren, Udaltzaingok eta Ertzaintzak, berriz etxera gerturatu, eta segurtasun enpresako kideak zein etxe barruan zeunden hainbat lagun identifikatu dituzte. Agindu judizialik ez zutenez ezin izan dute kaleratzea aurrera eraman eta lekua utzi dute. Aldi berean, beraiekin batera segurtasun enpresako kideek alde egin dute.
Gertaera hauen aurrean, MAISON HAMAHIRUko asanbladatik, legez kanpoko desalojo hau bertaratutakoen elkartasunaz eta autodefentsaz geratu dugula azpimarratu nahi dugu. Poliziak eta segurtasun pribatuak, gaurkoan, legez kanpo erasotu gaitu, eta proiektua guk geuk kontserbatu dugu. Orain arte bezala, Dendarikale kaleko 30.an ekimen autokudeatuak burutzen, auzoari bizitza ematen eta pertsonei etxebizitza ematen jarraituko du.