Edorta eta Irati Jimenez familia barruko literaturaz arituko dira

uriola.eus 2014ko eka. 17a, 09:30

Aita eta alaba era askotako esparruetan trebatutako idazleak dira: Edorta Jimenezek (Mundaka, 1953) haurrentzako literatura, kronikak, nobela, poesia eta saiakera landu ditu, eta Iratik (Mundaka, 1977), kazetaritzako jardun profesionalaz gain, biografia, antzerkia, ipuina eta nobela jorratu ditu. Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak aurkeztuta, hitzaldia gaur, ekainak 17 egingo da, 19:30etatik aurrera, Bidebarrieta liburutegian.

“Literatura, familia kontua” izenburupean, Bidebarrietako Liburutegiak literaturan diharduten aita baten eta alaba baten arteko harremanei buruzko solasaldi bitxia eskainiko du gaur, martitzena, ekainak 17. Bertan, Edorta eta Irati Jimenez mundakarrak beren esperientzia literarioez, herentziak sortzaile-bokazioan duen garrantziaz, haien arteko afinitate eta desberdintasunez, eta bataren eta bestearen lanen arteko balizko lehiakortasunaz mintzatuko dira.
 
Ekitaldi hau, Bidebarrietako Liburutegiak 2007an idazleekiko topaketak errazteko abiaratu zuen “Eztabaidak Literaturarekin” zikloaren barruan antolatu da. Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak aurkeztuta, eztabaida 19:30etatik aurrera egingo da Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi-Aretoan, eta nornahi sartu ahal izango da aforoa bete arte.
 
Edorta Jimenez (Mundaka, 1953) elektronika eta euskal filologia ikasi eta marinela, irakaslea, zinema eta telebistako gidoilaria, itzultzailea eta kazetaria izan da literaturan buru-belarri murgildu aurretik. Bere ibilbide luzean, era askotako generoak landu ditu: haur eta gazte literatura (“George L. Steer. Gernikan izan zen kazetaria”), kronika (“Europako mugetan barrena”), saiakera (“Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan”), narrazioa (“Laudanoa eta sutautsa”), nobela (“Piztien itsasoa trilogia”) eta poesia, azken hau Omar Nabarro delako heteronimoarekin.
 
Irati Jimenez (Mundaka, 1977) kazetariak Euskal Telebistan hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta geroztik, Euskadi Irratian lan egin du, hainbat komunikabidetako zutabegilea izan da, eta aldizkariak zuzendu eta koordinatu ditu. Literaturaren esparruan, 2002an, haurrei zuzendutako “Malcom X: Duintasunares kolorea” izenburuko biografia idatzi zuen ekintzaile afroamerikar ospetsuari buruz. Hurrengo urtean, “Espok” antzezlana idatzi zuen, famak eta botereak komunikabideetan duten islari satira eginez. 2006an, Agustin Zubikarai Eleberri Laburreko Saria irabazi zuen “Bat, bi, Manchester” lanari esker, eta hurrengo urtean, akzesit bat lortu zuen Igartza sarietan “Nora ez dakizun hori” nobelagatik. 2008an, “Laranja azalaren negarra” izenburuko ipuinaz, kategoria honi dagokion golardoa irabazi zuen Kutxa Donostiako Hiria Literatur Sarietan. 2010ean, “Atsekabe zaitut” eleberria eta “Zure Bonnie, nire Clyde” ipuina argitaratu zituen, eta 2011n, “11 urte orgasmorik gabe. Mulder, Scully eta errepresioaren arketipo erromantikoak telebistan” izenburuko saiakera.