Elkarretaratze jendetsua El Salvadorreko abortista atxilotuei elkartasuna adierazteko

uriola.eus 2014ko eka. 18a, 08:55

Abortatzeko Eskubidearen Euskal Herriko Plataforma osatzen duten erakundeek deituta, elkarretaratzea egon zen atzo arratsaldean Arriagako plazan. Jendetza bildu zen bertan, El Salvadorren abortatzearen delituagatik preso dauden 17 emakumeei babesa adierazteko.

"Abortua librea eta doakoa hemen eta edonon" lelopean egindako mobilizazioaren bidez, munduko hainbat lekutan indarrean dauden legeek "emakumeei ematen dieten tratu krudela" salatu zuten eta El Salvadorreko 17 emakumeen "bidegabeko" atxiloketa errefusatu eta beraien indultoa eskatu zuten. Emakume horiek 30-40 urte bitarteko zigorrak jaso dituzte, eta batzuek 12 urte bete dituzte kartzelan, jada.

Abortatzeko Eskubidearen Euskal Herriko Plataformak azpimarratu zuenez, "legegileentzat inkubagailu hutsak gara, ukatu egiten baitigute gure gorputzaren eta bizitzaren inguruan erabakitzeko eskubidea". El Salvadorren ematen ari den arazoa hori dela azaldu zuten eta gauza bera "inposatu nahi digutela PPko Madrileko gobernuak, aukera askearen aurkako taldeek eta elizak, legea eraldatuz".

[2014/06/17] El Salvadorreko abortista atxilotuei elkartasuna agertuko diete Bilbon