Uztailaren 4ean ospatuo da Bio Bike eguna

uriola.eus 2014ko eka. 24a, 10:00

Bilbok Bio Bike eguna aurkeztu du gaur goizean, bizikletaren pedalei eraginez energia sortzean oinarritutako ekitaldia. Bilboko Udalak sustatzen duen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza duen Coevent programan parte hartzen duten gazteek antolatutako ekimena uztailaren 4ean izango da Areatzan.

Bilborocken izan da aurkezpena. Bilboko 23 gaztek pentsatutako eta antolatutako ekitaldia, bizikletaren pedalei eraginez energia sortzean zentratzen da, eta uztailaren 4an egingo dute Areatzako Tinglatuetan. Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak sustatutako ekitaldia da, Bizkaiko Foru Aldundiak ere laguntzen duen Coevent programaren barruan.

Coevent programa 2013an hasi zen, Bilbo erdialdeko lehenengo hiri hondartzari forma emanez, eta 5.000 pertsona baino gehiago bildu zituen. Aurten, gazteek Bio Bike Eguna antolatzea erabaki dute. Ekitaldi horrek aisia iraunkorra sustatzen du helburu.

Uztailaren 4an, eguerdiko 12:00etan, Areatzako Tinglatuak gazteentzako topaleku bilakatuko dira. Bio Bike egunak oso jarduera bereziak eskainiko ditu, eta bizikletari eragin ondoren erlaxatzeko picnic gunea ere egongo da.

Bio Bikek bizikletei esker aisia iraunkorreko ekitaldia eskainiko ditu, eta bizikleta, garraiorako eta energia sortzeko baliabide iraunkorra eta jasangarria dela erakutsi nahi du. Ekimena aurrera eramateko ezinbestekoa izango da bertaratzen diren guztien partaidetza. Pedalei eragin barik jarduerek ez dute funtzionatuko, eta ekitaldiak ezin izango du aurrera eraman.

Bio Bike eguneko guneak

- Spinning elektrizagarria: Bio Bike egunaren erdigunea da. Bizikleten pedalei eragiteko gunea, 10 minutuko spinning klaseen bitartez. Bizikleta horiek energia sortzeko egokituta egongo dira, eta jardunaldian zehar energia hori metatu egingo da, gure hanken indarra watt bilakatuz.

- Picnic gunea: erlaxatzeko gunea da, eta, gainera, bizikleten pedalei eraginez zukuak egiteko lekua ere izango dugu. Gune honetako bizikleten bitartez gailu mugikorrak kargatzeko eta musika sortzeko aukera egongo da.

- Bizikleta harrapakariak: Arte Ederretako ikasleekin egindako workshopa, nazioartean ospe handia duen John Otazu artistak zuzendua. Elkarren artean, bizikleten hainbat elementu harrapatuko dituen instalazio iragankorra sortuko dute.

- Expoa: bizikleta bitxien erakusketa (plaza bikoak, zaharrak...), batzuk esperimentatzeko, eta besteak ikusteko baino ez.

- Belodromoa: bizikletak puntuan jartzeko eta slow race lasterketak egiteko lekua.