`Hodeiak zapatetan´ liburua ezagutzera emango du Mikel Etxaburuk Bilbo Zaharrean

uriola.eus 2014ko uzt. 3a, 08:30
Etxaburuk `Hodeiak zapatetan´ bere bigarren poema-liburuaren aurkezpena eskainiko du gaur arratsaldean, Bilbo Zaharreko Ziburu tabernan.

Uztailaren 3an, osteguna, Mikel Etxaburu Bilbo Zaharrean egongo da bere azken lana jendarteratzen. 2011n ‘Zu zara orain txoria’ (Elkar) argitaratu ondoren, ‘Hodeiak zapatetan’ bigarren poema-liburuarekin (Susa) datorkigu oraingoan. Hitzordua Ziburu tabernan izango da gaueko 21:00etan, eta aurkezpena musika eta bideoz lagunduta egingo du.

Ekainean bertan, Uriolari egindako elkarrizketa batean, Etxaburuk argi utzi zuen `Zu zara orain txoria´ oso "lan intuitiboa" izan zela eta `Hodeiak zapatetan´liburuaren sortze-lan zailagoa izan dela; "buelta asko, agian gehiegi, eman diot poema bakoitzari. Argitaratu den bakoitzeko beste bi, gutxienez, bidali ditut zakarrontzira. Baina desberdintasunik nabariena, nire ustez, azken honetan sakoneko durundi homogeneo bat dagoela da. Ez da poema bilduma soil bat. Poema guztiek daukate zerikusia bata bestearekin bai tonuan, zein erabilitako irudietan. Horixe da nabarmenduko nukeena".

 

[2014/06/12] Mikel Etxaburu: “Ez nago kartzelan, ezta kalean ere... erdibidean baino”