Goienkaleko merkatari eta ostalariak SomeraFest jaialdia ospatuko dute zapatuan

uriola.eus 2014ko uzt. 8a, 11:48
Musika, kultura eta sukaldaritza lotzen dituen ekitaldi berriak 13:30etatik 15:30etara iraungo du eta HusH, Insecurity eta The Mari Pippers bertoko musika taldeak kontzertu akustikoak eskainiko ditu kalean bertan.

Larunbat honetan, uztailak 12, Goienkaleko ostalari eta merkatariak lehen SomeraFest jaialdia ospatuko dute. Goienkaleko hemeretzi ostalari eta merkatariak indarrak batu dituzte Gora Somera elkarte berrian. Bisitariak erakarri eta kalea biziberritzeko asmoz, ospakizun, ekitaldi edota jai irekiak eta partehartzaileak antolatuko dituzte hemendik aurrera Bilboko alde zaharreko kalean.

Rock musikan oinarritutako pintxoak

Kaleko tabernariak musika talde ezagunetan oinarritutako pintxo bereziak prestatu dituzte SomeraFest jaialdirako. Horrela, datozen asteotan Iron Maiden, Red Hot Chili Peppers, AC-DC edo Metallica taldeetan inspiratutako pintxoak dastatzeko aukera izango da.

Jonen Etxea tabernako jabeak, esaterako, Iron Maiden pintxoa prestatu du, heavy metal talde britainiar ospetsuaren zalea delako. Halaber, Metallica eta AC-DC taldeetan oinarrituriko pintxoak ere tabernan aurkitu daitezke.