Aurkezpen “mundiala” egin dute gaur eguerdian Bilboko Konpartsek eta hainbat laguntzailek Erriberako merkatuan. Aurtengo Aste Nagusiko berrikuntzetako bat aurreratu dute, Arrain Fish Festival.
“Urrats berri bat” eman nahi diote konpartsek Aste Nagusiko Sukaldaritza Txapelketari Arrain Fish Festival izeneko ekimenarekin. Hiru helburu dituen urratsa da: Bilboko jai eredu herrikoia “Euskal Herrira eta Aste Nagusira datozen pertsonei hurbiltzea”, “slow food ildoan sakontzea” eta “atzerrira begira Bilboko jai eredua ezagutaraztea”.
“Arraina kalean eta lau egunetan” sukaldatzen den beste lekurik ez dago munduan eta Bilboko Aste Nagusiak edonori eskaintzen dio parte-hartzeko aukera. 1978tik sukaldaritza txapelketa “gure jai ereduaren berezitasunaren isla argiena da” konpartsen esanetan.
Elkarlana
Bilbo ezagutzera datozen pertsonekin aldez aurretik jarriko dira harremanetan konpartsak “Gastronomikoan parte har dezaten”, eta bisitari horiek urtero lehiaketan parte hartzen duten taldeetan “txertatuko" dituzte. Horrela “kanpotik datozen eta Aste Nagusian urtero daudenen arteko ezagutza eta gure sukaldaritza eta gure kultura ezagutzeko aukera izango dute”. Talde hauek Bilboko aterpe batzuen bitartez lotuko dituzte konpartsek. “Gutun bat zuzendu diegu gaur aurkezten dugun ideia azalduz, eta une honetan jada hemen dauden aterpe-hostelen elkarlanarekin kontatzen dugu”. Bilbao Aterpetxea-Hostel, Ganbara Hostel eta Bilbao Good Hostel zein Domine Hotelarekin zabaldu dute konpartsek aipatutako elkarlan bide berria.
Umeentzako aukera gehiago
Sukaldaritza planarekin “aurrera jarraituz” aurtengoan konpartsek umeentzat aukerak zabaltzea erabaki dute eta astelehenean ez ezik astearte eta asteazkenean ere izango dute etxeko txikienek zer ikasia, besteak beste, marmitakoa eta kokotxak prestatzeko tailerretan.
Informazio gehiago: Bilboko Konpartsak