Uda izaten da hegaluzearen sasoia eta, horregatik, gaur goizean Erriberako merkatuan egindako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak eta Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak arrain urdin honen kontsumoaren onurak gogorarazi dituzte, Bizkaiko Golkoko hegaluzearen arrantzaldiarekin bat etorrita.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak eta Osasun eta Kontsumo Sailak ohitura osasuntsuak eta inguru hurbileko produktuen kontsumoa sustatzeko urtean zehar egiten dituzten ekimenen arteko bat dugu honako hau. Gainera, Bilboko Zientzia Medikoen Akademiaren, Bizkaiko Albaitarien Elkartearen, Bizkaiko Medikuen Elkartearen, Slow Food Bilbao-Bizkaia Elkartearen, Mercabilbaoren, Bilbao Zerbitzuak-en eta Artxandako Ostalaritzako Goi-mailako Eskolaren laguntza izan du.
Kanpainaren oinarrizko helburuak hauek dira:
- Hegaluzearen kontsumoa sustatzea
- Eusko Labeldun hegaluzearen onurak ezagutaraztea.
- Herritarrak jabetzea nagusien eta umeen osasunean eragin positiboa duela.
- Arrantzaleen eta arraindegien lana goratzea.
Kalitaterik oneneko gantza
Thunnus alalunga izen zientifikoa, atunen familiakoa da atun zuria edo hegaluzea deritzona, eta Bizkaiko Golkora iristen da bidean berdela, sardinzarrak, sardinak, txibiak eta oskoldunak janez. Urdin iluna du gainaldea eta zuria –marfilkara-, azpiko aldea, hegalak eta erdiko aldea.
Atunen familiakoa, kalitaterik handieneko barietateetako bat da hegaluzea, zapore fina eta espezie bereko gainerakoak baino testura leunagoa ditu. Bizkaiko Golkoan arrantzatzen dute baxurako ontziek, udako hilabeteetan; amua erabiltzen dute harrapatzeko eta, horrela, ez du sufrimendurik jasaten, sareekin bezala, eta haragiaren kalitatea hobea da. Haragia ia zuria da, kalitaterik oneneko gantzak ditu eta horrek ematen dio zapore bizia eta berezia: hegaluzearen koipeek gantz-azido insaturatuak dauzkate neurri handian, batez ere, omega-3 gantz-azidoak; kolesterola erregulatzen eta gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzen laguntzen du.
Eusko Labeldun hegaluzearen ezaugarriak
Eusko Labeldun hegaluzeak kalitate goreneko arrainak dira, betiko usadioari jarraituz arrantzatuak, banaka-banaka, sarerik erabili gabe eta antzinako tresneria erabilita: kainabera (karnata bizia) eta kazako arrantza. Era horretan arrantzatzean, arrainaren kalitatea hobetzeaz gain, arrantzaguneak eta itsasoko baliabideen iraunkortasuna bermatzen da.
Euskadiko arrantza portuetan, arrainak husten diren unean egiten da hautaketa, tamainaren eta freskotasunaren irizpideei jarraituz, arrain onenak soilik aukeratu eta bereiztuz. Lan hori HAZI Fundazioak kontratatutako etiketa-jartzaileek egiten dute, arrantzaleen laguntzarekin. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzako erakundea da HAZI eta guztira, 20 pertsona baino gehiago kontratatu ditu Getariako, Hondarribiko, Pasaiako, Bermeoko eta Ondarruko portuetan hegaluzeei etiketak jartzen jardun dezaten. Pertsona horiek bereizgarria jarriko diete hegaluzeei, produktu horren arautegian ezarritako kalitate-irizpideen arabera.
Aurreko kanpainetan legez, bereizgarria ziurtasunerako zigilu zuri aldaezin bat izango da, Eusko Label ezaugarriarekin. Bereizgarri hori isatsean jarriko zaie eta beste datu batzuen artean, kontrol-zenbaki bakarra jasoko du.
Gainera kontrol zenbakiaren eta www.euskolabel.net webgunearen bidez jakin ahal zango da hegaluzea harrapatu duen itsasontziaren izena, espeziea, deskarga portua eta eguna, kofradia, arrantzatu den zonaldea eta modua.