Trikimailu eta Munduko Jendeak konpartsa berriak aurkeztuak izan dira, non eta Bilboko Areatzan, konpartsen jai gunean. Joan den larunbateko Konpartsakide Eguna baino egun egokiagorik ez zegoen eta horrela egin zuten eszenatoki gainean hainbat konpartsakideren aurrean.
Hasiera ezin hobea eman dio Trikimailuk bere ibilbideari. Izan ere, bigarren postua eskuratu zuen Pintxo Lehiaketan. Ohi bezala, maila handia erakutsi zuten konpartsek pintxo originalak prestatzen. Bizizaleak izan zen lehiaketako garaile eta Askapeña hirugarren.
Garilak 26 taldearen erromeria, euria zela eta, bertan behera geratu zen. Baina euria ez zen aitzakia izan jai giroa eteteko. Erromeria kalejira bihurtu zuten konpartsakideek Plaza Barriko arkupetan lehenengoz eta Zazpi Kaletan atertu ostean Okrestaren laguntzari esker.