Bilbo Zaharrak ostegunean hasiera emango die jaiei

uriola.eus 2014ko uzt. 21a, 10:51

Bilboko auzo zaharrena jairako gogoz dator eta lau eguneko parranda herrikoia eta gaztea antolatu du utzailaren 24tik 27ra bitartean.

Ostegunean, uztailak 24, Gazte eguna ospatuko da eta hainbat tailer eta ekimen prestatu dituzte, ping-pong txapelketa eta ur guda, besteak beste. 19:30ean pregoia botako dute eta jai giroan sartzen joateko kalejira hasiko da 20:00etan. 21:00etatik aurrera kontzertuek lekukoa hartuko dute: Criaturas del Nervion, Izenik Ez, Vomitando Desperdicios eta Dub Aditz System taldeak izango dira.

Ostiralean, uztailak 25, jai batzordeak Elkartearen eguna antolatu du. Txokolatada goxoa, dantza eta serigrafia tailerrak egingo dira goizean, eta 15:00etan Iturburuko plazan Kultur Etxearen aldeko bazkaria egingo da, ondoren, zuzeneko musika eta ekimenak izango dira bazkalondoa alaitzeko. Bakarlariak eta amaitzeko Honat Erromeria izango da doinuz doinu eta dantzaz dantza gorputza piztu eta tentsioak askatzeko.

Larunbatean, uztailak 26, artisau azoka egingo da 10:00etan Martzana kaian. Ondoren, umeentzako gosaria prestatuko dute eta Txalaparta tailerra eta mus txapelketa jokatuko da. Indarrak batu eta giro onean sabela betetzeko, uskal preso politikoen aldeko herri bazkaria atondu dute 14:00etan. Txartela auzoko tabernetan salgai egongo da. 16:00etan ikuskizun herrikoietan arraskatatsu den Kukaina egingo da, zoria eta oreka jokoan ipiniko dituena. 20:00etan Bilbiko kaleak doinu gozoz eta ez hain gozoz beteko dituen kantu kalejirak lekukoa hartuko du. Eguna amaitzeko, Amparo Sanchez ex amparanoiarra eta Charlat 58 izango dira kaña ematen.

Igandean, uztailak 27, begiak argitasunera berriro ere eginez eta aurreko eguneko dezibelioen intentsitatea jaitsiz, Paella eta Tortilla txapelketak izango dira, ajea kentzeko aukera ezinhobea. Arratsaldean, herri karaokea izango da oraindik ahotsa geratzen zaien haientzako. 22:00etan amaiera emango zaie jaiei.