Aste Nagusia 2014

Kaskagorri: "Oraina gara 25 urtetan beste jai eredu batean sinistu dugulako"

uriola.eus 2014ko abu. 14a, 14:26

Konpartsak 25 urte betetzen dituela ospatzeko, Aste Nagusiko astelehenean, abuztuaren 18an, "indar erakustaldi berezia" egingo dute eta aparteko kontzertua egongo da Izerdi Gorria taldearekin: 25 urte, 25 gonbidatu!

Kaskagorri Bilboko gazte mugimenduaren konpartsak agerraldia egin du gaur goizean, 25. urteurrenarekin batera Aste Nagusian eskainiko duten egitarauaren berri emateko.

Konpartsakideek argi utzi dute, beste urte batez "hamarnaka eskaintza kultural" eskainiko dituztela; poteoak, elektrotxaranga, bazkariak, dantza tailerra, harri zulatzaileak, elkartasun flash moba, kaskapiszina, puzgarriak edota guda zikina, besteak beste.

Baina 25 urte betetzen dituzten honetan, Aste Nagusiko astelehena egun berezia izango da Kaskagorrirentzat eta gerturatzen diren lagun guztientzat. Goizean, Bonbo Klap taldearen eskutik kalejira egongo da; ondoren, bazkaria eta kaskatriatloia. Hori gutxi balitz, arratsaldean, kontzertu berezia eskainiko du Izerdi Gorria taldeak: 25 urte, 25 gonbidatu! eta bertan ikusi ahalko ditugu Ines Osinaga, Alex Sardui, Hesianeko Zuriñe, Vendettako Peio, Fermin Muguruza, Itziarren Semeakeko Ibon, Francis, edota Xabier Solano.

Gauzak horrela, eta esan gabe geratu diren sorpresa guztiak ikusi ahal izateko, Aste Nagusian Kaskagorrira gerturatzeko deia luzatu dute… "Izan bihurri, izan Kaskagorri!".