UEMAk eskuratu du Hau Pittu Hau konpartsaren Euskara Saria

uriola.eus 2014ko abu. 18a, 17:54

Hau Pittu Hau euskaldunon konpartsak, urtero legez, Euskara Saria banatu du gaur arratsaldean. Aurten, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak jaso du.

Hau Pittu Hauk ematen duen Euskara Sariaren asmoa hainbat eta hainbat taldek eta lagunek euskararen alde egiten duten lana aitortzea eta saritzea da. 2003an hasi ziren sari hau banatzen Aste Nagusiko astelehenean eta, ordudanik, urtero euskararen alde denetariko arlotan lan egiten duten norbanako zein taldeek eta elkarteek irabazi dute.

Aurtengo Euskara Saria Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari eman diote. Argi utzi baitute, UEMAren helburua eta konpartsarena berbera dela "Euskal Herri euskalduna lortzea". Agerraldian salatu dutenez, "gaur egun indarrean dauden hizkuntza politikek ez dute bermatzen euskaldunok euskaraz bizi ahal izatea. Horregatik garrantzitsua iruditzen zaie mugak eta elebitasun diskurtsu faltsua gainditzea".