Gazteenetan ezik, beste denon gogoan dago, 1978.etik harrezkero Bilboko abuztuko jaiak izan duen aldaketa edota iraultza baina, ez orduan ez gaur, ea inori ez zaio burutik pasa zezenketak kendu behar zirela. Barka nazatela jaien horien, mila arrazoiz, aurka dauden gizabanako edo taldeak baina Vista Alegrera jende pila doa egunero, diru pila izugarri maneiatzen dela jarduera horrekin. Ez ditut oso gustuko eta hor utziko ditut. Aro berri hauetan ez direlako politikoki zuzenak. Zezenak dira. Gogoratzen kanta? “Dira, dira, zezenak dira, adar zorrotza, buztana motza, harrapatzen ba zaitu . . . bertan bertan hilko zaitu ...” Aurtengoan, dena den, aldaera nabarmen bat ere izan da jardueran, plazako toreroen langintzatik landa, bigantxak edo sokamuturra, bueltatu direlako Bilbora, urte mordo baten geldi egon eta gero. Aste Nagusi modernoaren lehen urteetara bueltatuz, itxura, goitibehera tramankuluen karrera bueltatu den bezala. Tradizioari eutsi nahiaz edo.
Aste Nagusi honen eguaztenak badu, bestalde, esan nahi berezirik. Jende xehe eta euskaldunentzat, bertso bazkaria Zazpi Kaletan baina, ordezkari ofizialak zeregin bereizi eta aipagarri bat dute urte oro. Alkatea eta Marijaia buru dituztela, txupiner@, pregoilari, konpartsa nahi zirkuko ordezkariak, Basurtuko ospitalera bisita egingo dute hango gaixo guztien umeek bereiziki pozerako. Ekintza edarra, zinez. Jaietara bere kabuz etorri ezin direnei, jaiak beraiei eramatea. Hau bai, benetan, politikoki zuzena. Zuzena litzaken bezala, atzerrian bizi diren oro edota preso eta beharrez atzerriratu guztien oroimena ere gugana erakartzeko.