Domingo de Sagarminaga

uriola.eus 2014ko abu. 24a, 10:30

Emiliano de Arriaga idazleak ‘Lexicón bilbaino’n aipatzen duen pertsonaia batekin bukatu nahi nuke nire Aste Nagusiko egunkari partikularra.

Aurretik, ordea, bigarren igande­jai honek eskaintzen dizkigun atal bereiziak aipatzea ezinbestekoa iruditzen zait, batzuk ala batzuk jadanik tradizio bihurtu direlako, Mariajaia erre aurretiko orduetan. Arestiko batean aipatu genituen arren, gaurkoan, Plaza Borobiletik kalejira egin eta gero, Areatzako bulebarrean XXV Bilkura Nagusia egingo du Erraldoien Konpartsak. Ospakizun hunkigarria, zinez, Bilbokoaz gain Bermeo, Deustu, Donostia eta Bergarako Irrintzi, Kanboko Sukila eta Iruñeako Sanduzelairen babesean egingo dutelako. Ia ordu berea, Plaza Berria txistu soinuz blaituko da, urte oroko Alarde Nagusia eskainiko dutelako. Dena de Nagusia Bilbon aste honetan.

Azken eguna izaki, Esperantza kaleko frontoiaren benetako despedida, pilota lehiako finalak jokatuz, Erripa kaleko arrantza eskolako lehiaren beste hainbeste, azken bertso saioa Santiagon, azken... azken... Despedidea da ta... trikitilariek dioten bezala eta 22.20 Marijaia itsas adarretik behera Areatzako zubitik Udaletxekora, han sua eman eta erabat erretzeko. 2015.eko Aste Nagusiari hasiera ematen dien txinparta gezi goxo horiek sortuz. Jendetza bertan geratuko, oraindik, azken su artifizialak ikus entzuteko.

Goazen bada, maite dudan bilbotar baten zerbait aipatzera. Arestian (gazteleraz, noski) diodanez, Arriaga jaunak: “Ezagutu genuen Chomin famatu bat, gaitasun, adimen eta trebetasun handikoa, oso alaia eta, beraz, mundu guztiaz tratu ona zuena”. Bilboko Zazpi Kaleetakotzat, Barrenkalekoa agian, du Arriagak gizon ospetsu hori. Gazteleraz doazkizue hurrengo iruzkin hauek idazlearen espiritua gordetzearren: “De corazón noble y generoso, caracter bromista y bullanguero, acendrado bilbainismo y conocimientos enciclopédicos... que lo mismo servía para un fregado que para un barrido” Hori omen zen, bada, duela mende bat inguru hemen izan zen jai zale borrokatua eta Domingo de Sagarminaga ez ezean, Txomin Barullo izenez ezagunagoa.