Areatzan izango dira Fifa 2014 Munduko Txapelketako kontzertuak

uriola.eus 2014ko abu. 26a, 11:24

Dj Jazzy-k abuztuaren 29an joko du; eta Klaxons hirukote britainiarrak “indie rock” onenarekin beteko du Bilboko gaua irailaren 1ean, Getxoko We Are Standard taldearekin batera.

Areatzako pasealekua aukeratu dute, FIBA 2014 Saskibaloiko Munduko Txapelketarako programatutako doako kontzertuak emateko. Abuztuaren 29an, txapelketaren hasieraren bezperan, Dj Jazzy Jeff-en emanaldia egongo da. Hip hop-aren aitzindarietako bat da, eta hiru Grammy, hiru American Music Award, bi NAACP, bi Soul Train Music Award eta MTV musika sari bat irabazi ditu.

DJ honen ibilbidea Will Smith aktorearen ibilbideari lotuta dago, duoa eratu baitzuten. Izan ere, raparen industriako lehenengo Grammya irabazi zuten Parents Just Don ́t Understand albumagaitik. Dj Jazzy Jeff aurpegi ezaguna da, baita ere, telebistako “El príncipe de Bell-Air” serie ospetsuaren jarraitzaileentzat. Izan ere, seriean Jazz-ena egiten zuen, Will-en lagun hurkoarena.

Musika berriz entzun ahal izango da Areatzako Pasealekuan irailaren 1ean. Egun hori atseden-eguna izango da munduko txapelketan, eta ez da partidurik jokatuko. Gau horretan, Klaxons izeneko Ingalaterrako "indie rock" hirukoteak eta Getxoko We Are Standard talde ezagunak joko dute.

Kontzertua We Are Standard taldearen emanaldiarekin hasiko da, euskal talderik nazioartekoenetarikoa une honetan. Ondoren, Klaxons taldea igoko da agertokira. Klaxons taldeak sariak jaso ditu Mercury Prize edo NME Awards ekitaldietan, eta Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako jaialdi onenetan jo du.

Kontzertu guztiak 21:00etan hasiko dira, eta sarrera 20:00etan irekiko da.