Arriaga Antzokiak `El Eunuco´ lanaren antzezpena jasoko du

uriola.eus 2014ko ira. 10a, 10:00

Jordi Sanchezek eta Pep Anton Gomezek egindako Terencioren komediaren bertsio librea da. Azken horrek, gainera, antzezlana zuzentzen du.

Arriaga Antzokiak El Eunuco antzezlana jasoko du eszenatokian, K.a. II. mendean idatzitako komedia latino klasikoa. Oraingo honetan, Jordi Sánchezen eta Pep Antón Gómezen bertsio librea aurkezten zaigu. Azken hori, gainera, antzezlanaren zuzendaria da.

Lehen mailako antzezle taldea izango da El Eunuco lana eskainiko diguna. Antzezle taldearen buru Pepon Nieto, Anabel Alonso eta Alejo Sauras, lehen mailako hiru antzezle eta, oso ezagunak gainera, telebistan egin dituzten lanek lortu duten arrakasta dela eta. Euren ondoan, Jorge Calvo, Antonio Pagudo, Marta Fernandez Muro, Eduardo Mayo, Jordi Vidal eta Maria Ordoñez egongo dira eszenatoki gainean.

Guztira El Eunuco lanaren sei emanaldi eskainiko dira, irailaren 17tik 21era. Asteazkenean, irailaren 17an, ostegunean 18an eta ostiralean 19an, emanaldiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira. Larunbatean, irailaren 20an, bi emanaldi izango ditugu, arratsaldeko 18:00etan eta gaueko 21:00etan. Eta amaitzeko, igandean, irailaren 21ean, El Eunuco lana Arriaga Antzokian ikusteko azken aukera izango dugu, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Arriaga Antzokira El Eunucoren bertsio libre hau ikustera hurbiltzen denak istorio dibertigarri eta biziaz gozatuko du. Maitasuna, dirua, pasioa, harrokeria, zeloak eta gaizki-ulertu anitzak direla eta zoratuta dauden bederatzi pertsonaia dira. Bederatzi pertsonaia eta elkar gurutzatzen diren beste horrenbeste istorio, antzerki klasiko grekolatinoaren eta musikalaren, egoera komediaren eta vaudevillearen, artean inolako lotsa barik mugitzen den eta erritmo ikusgarria erakusten duen lanean.

Sinopsia

Imajina ezazu Atenas. Hormonak borbor dituen mutil gazte sutsua. Neska esklabo batez maitemintzen da. Neska esklaboa, emakume gortesau baten esklaboa da. Gortesauak maitale bat du. Maitalea, gazte sutsuaren anaia nagusia da, eta opari bat egin nahi dio gortesauari. Horregatik, eunuko bat erosi dio. Baina oraindik ez dio eman. Mutil gazteak hori jakin du. Opariarena, eunukoarena. Eta emakume gortesauaren etxera sartzea eta esklaboa maitemintzea ez denez gauza erraza, eunukoaren lekua hartzea erabakiko du. Orain, horri guztiari, gehitu nahi ez duen morroi gizonezkoa eta enteratzen ez den morroi emakumezkoa, eta jeneraltxo batez maitemindutako soldadutxoa, eta, haragia ala arraina aukeratu ez dakien eta zalantzan dagoen jeneraltxoa, eta Cilindro bat, baina ez zilindro bat, izen hori, Cilindro, duen gizon behartsu bat baizik, eta horri guztiari igarobideak, igarobide asko, gehitu.

Sarrerak

- 8,50 eurotik 25 eurora

- Salgai www.teatroarriaga.com  helbidean, 946 850 850 telefono zenbakiaren bitartez edo txarteldegietan, aurre salmentako ordutegian.