Oporretako parentesiaren ondoren, `Eztabaidak literaturarekin´ gaur arratsaldean itzuliko dira Bidebarrieta Kulturgunera. Oraingo honetan, eztabaida edo solasaldia Santiago Roncagliolo idazle eta kazetari perutarraren eta Juanjo Olasagarre egile nafarraren artean izango da. Idazle biek literaturaren eta agintearen arteko erlazioari buruz hitz egingo dute, agintea bere esanahi zabalenean ulertuz.
Ekitaldia Jon Arretxe artista eta idazleak moderatuko du. Gonbidatuei zenbait gai planteatuko dizkie, argitaletxeek, liburu-dendek edo agenteek, idazlan baten arrakastarako edo porroterako duten gaitasuna; agintarien eta komunikabideen indarra eta egilearekin eta bere lanarekin duten elkarren arteko eragina. Ohikoa denez, topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30etan, eta sarrera librea izango da.
Santiago Roncagliolo (Lima, Peru, 1975) idazle, dramaturgile, gidoilari, itzultzaile eta kazetariak, Mexikon igaro zuen haurtzaroa, familiaren arrazoi politikoak zirela eta, eta Perura itzultzean, Hizkuntzalaritzan eta Literaturan lizentziatu zen Peruko Unibertsitate Katolikoan. 2000. urtetik Espainian bizi da, eta bertan, literaturan aritzeaz gain, itzulpenak egiten ditu eta telenobelak ere idazten ditu. Horrez gain, zenbait egunkaritan eta aldizkaritan ere aritzen da, El País, Granta eta Quimera izenekoetan, besteak beste. Umorezko eleberriak idatzi ditu, “Pudor”, “Memorias de una dama” eta “Óscar y las mujeres”, eta suspentsekoak “Tan cerca de la vida” eta “Abril rojo”, besteak beste. Bere azken liburua, “La pena máxima” (2014) politika, futbola, bizirauteko borroka eta heriotza, erritmo ikaragarrian nahasten diren harrapatzen gaituen thrillerra da. 2006an Alfaguara Eleberri Saria lortu zuen.
Juanjo Olasagarreri (Arbizu, 1963) dagokionez, Psikologian lizentziatua da, eta irakaslea lanbidez. Ezaguna da poesiaren alorrean egin duen lan azpimarragarria dela eta, narraziogintzaren eta antzerkigintzaren alorretan ere zenbait lan egin dituen arren. Bere lehenengo poesia liburua 1991n argitaratu zuen, Gaupasak (Susa) izenburuarekin. Bere lehen eleberriak, “Ezinezko maletak” (Susa, 2004), Kritikaren Sari Nazionala lortu zuen.
`Eztabaidak literaturarekin´, 2007an Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak martxan jarri zuen ekimena da, eta bertan, idazleengana hurbiltzea proposatzen da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituta. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
Zortzigarren edizioa
2007ko urtarrilean `Eztabaidak literaturarekin´ egitaraua martxan jarri zenetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.
Bidebarrieta Kulturgunea, Bidebarrietako liburutegiaren barruan, liburuaren eta literaturaren garapena eta sustapena helburu nagusi dituen kulturari eskainitako gunea da.