Programa, auzo horien garapenerako eta berriztapenerako kulturaren aldeko apostua egiten duen Plan Bereziaren barruan dago.
Arty Walks
Jarduera nagusien artean, aurreko edizioan bezala, azpimarragarriak dira inguru horren aldeko apustua egin duten sortzaileen ekimenari esker sortuz joan diren galeria berrietara eta hiriko artetik gertu dauden guneetara egingo diren bisitak. Arty Walks-Arte Zirkuitoa, partaidetzan oinarritutako bisita interaktiboak dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta Bilbo Zaharreko zenbait lekutara helduko dira.
Bisitak urriaren 3an izango dira arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Jarduera horretan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aurretik izena ematea www.kulturabarrutik.net webgunearen bitartez. Arty Walks ekimenak Berreginen Museoa edo Bilbao Arte bezalako lekuetara eramango gaitu, baina baita arte galeria txikietara, estudioetara, tailer txikietara eta saltoki berritzaileetara ere, eta leku horietan sustatzaileekin eta artistekin solasean aritzeko aukera egongo da.
Zineak bere lekua izango du iaz martxan jarritako DOKUART sekzioarekin. Sekzio horretan edizio honen laburpena eskainiko da, kultur ekimen honetan parte hartzen duten pertsonen iritzien eta dokumentuen bitartez, jardueren irudiekin batera. Emanaldia urriaren 3an izango da, gaueko 21:00etatik aurrera, Bilbao Arte kanpoaldean, eta amaitzean, Caostica elkarteak antolatutako aire libreko film labur zikloa hasiko da. Ziklo horretan, zine bizarroaren azken jaialdian ikus-entzuleen aldetik harrera hoberena izan zuten film laburrak eta bideoklipak emango dira. Saio hori Alex Angulori eskainita egongo da, eta duela denbora gutxi hildako antzezlea protagonista den Martin Roseteren A falta de pan film laburraren emanaldiarekin zabalduko da.
Horma-irudi zirkuitua
BLV-ARTen aurtengo edizioa urriaren 4an itxiko da, Aryz artista bartzelonarrak sinatuko duen neurri handiko horma-irudi berriaren aurkezpenarekin. Hirian esku hartzeko lan horrek, Urazurrutia kaleko 58 zenbakian dagoen eraikinaren fatxada hartuko du, eta aurreko edizioetako horma-irudiak bezala, inguru horretan ikus daitekeen bildumaren parte bilakatuko da. Horma-irudi horien helburua, bertako biztanleak eta Bilbo Zaharrean bizi ez diren gainerako pertsona guztiak artearen bitartez erakartzea da.
BLV-ART ekimenaren helburua inguru horren kultur espezializazioa lortzea da, bertako biztanleen beharrei erantzuteko, baina, batez ere, auzo horiek erakargarriak izan daitezen hiriko biztanle guztien begien aurrean, abangoardiako kultur erdigune bilakatuz, bertan, musikarekin, arte plastikoekin, zinearekin edo modarekin erlazionatutako sorkuntza mota berriak sortzen ari baitira. Horrela, programak balioa eman nahi dio auzoari, eta hiriko gainerako lekuekin duen komunikazioa sustatu nahi du, gune horretan sortutako kultur proposamenak ezagutaraziko dituzten zenbait jarduera eskainiz eta bertako kaleen zaharberritze prozesuan betetzen duten lana erakutsiz.
Egitaraua
- 18:00. Arty Walks / Arte Zirkuitua. Bisita gidatuak BLV-ko erakusketa guneetatik (euskaraz/gaztelaniaz).
- 21:00. Bilbao Arteko kanpoko atzeko patioa. Film laburren emanaldia: Dokuart eta zikloa Caosticarekin.
- 22:00. Mariaren Bihotzaren Plaza. Kontzertuak: Educados + Kilómetro 11.
Aryzen horma-irudiaren aurkezpena (Urazurrutia kalea 58, Santiago Aznar kalearekin izkina eginez).