Datorren igandean, irailaren 28an, Arriaga Antzokiak, pastorala bezalako ikuskizun ederrez eta bereziz gozatzeko aukera emango du arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Antzerki genero horren jatorria Zuberoan dago, eta oso sustraituta dago Iparraldean, baina oso gutxitan goza dezakegu Hegoaldean. Beraz, euskara, euskal kultura eta Euskal Herriko tradizioak maite dituzten pertsona guztientzat ezinbestekoa den hitzorduaz ari gara. Baina, horrez gain, oso ikuskizun interesgarria da, baita ere, musika, dantza eta ahozko tradizioa uztartzen dituzten eta hitzaren edo kantuaren bitartez transmititzen diren lanak eszenan ikusteaz eta entzuteaz gozatzen duten guztientzat.
Ederlezi Pastorala da Arriaga Antzokiko eszenatokiaren gainean antzeztuko den ikuskizun ederraren izenburua. Duela denbora gutxi Zuberoako Gotein-Libarrenseko Xiru Festibalean estreinatu da, Mixel Etxekopar, musikari bikain, euskal tradizioen jakitun handi eta gure kulturaren aztertzaile nekaezinaren bultzadari esker.
Ikuskizuna Nicole Lougarotek zuzenduko du, eta antzezleak, Amaren Alabak taldeko abeslariak eta Xantiana Etchebest, Ihitz Iriart, Graxi Bedaxagar, Luxi Aguergaray, Maika Etxekopar, Graxiana Castillon, Maite Sarraillet, Laida Camus, Benat Larrory, Johañe Bedaxagar, Johañe Etchebarne-Ajia, Niko eta Julen Guiresse eta Pette Jaragoyen gazte zuberotarrak dira. Beraz, Zuberoako herri bateko ordezkaritza zabala izango dugu Arriagako eszenatokiaren gainean. Gogoan izan behar da tradizio pastoral klasikoan herri bateko biztanle guztiek muntatzen eta antzezten dutela funtzioa. Alde nagusia, pastoralak, gehienetan, aire zabalean egiten direla da, eta Ederlezi Pastorala Arriaga Antzoki barruan egingo da. Hau da, izpirituari, izaerari, eusten zaio, baina formatua eta partaide kopurua egokitu egiten da, izan ere, zabala izaten jarraitzen badu ere, ez da pastoral tradizionala bezain jendetsua izango.
Zergatik Ederlezi Pastorala?
“Ederlezi” hitza, duen soinua dela eta euskarazkoa dirudien arren, udaberriko jai ijito bati buruzko hitz ijitoa da. Mixel Etxekoparrek abesti batean entzun eta antzezlan honetarako berreskuratu zuen, oso egokia baita pastoral honek kontatzen duen istoriorako. Izan ere, Ederlezi Pastorala, ama ijito baten eta bere ondorengoen historia baita, bere zazpi alabetatik hasita. Familiaren jarraipena egingo dugu Euskal Herritik, herririk herri, Bizkaitik Zuberoaraino, eta mendez mende, XVII. gizalditik XXI.eraino, une bakoitzean eta zenbait gertakari historikoren inguruan sortzen duten mirespenaren edo gorrotoaren lekuko izanda. Une historiko horien artean, 1600. urtearen inguruan Lapurdin izandako sorgin ehiza edo, duela denbora gutxiago, 1939tik 1945era izandako Bigarren Mundu Gerra, aipa ditzakegu.
Sarrerak
8,50 eurotik 25 eurora. Salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefono zenbakiaren bitartez edo txarteldegietan, aurre salmentako ordutegian.
EDERLEZI PASTORALA
Autorea: Mixel Etxekopar
Zuzendaria: Nicole Lougarot
Interpreteak: Amaren Alabak taldeko abeslariak eta Xantiana Etchebest, Ihitz Iriart, Graxi Bedaxagar, Luxi Aguergaray, Maika Etxekopar, Graxiana Castillon, Maite Sarraillet, Laida Camus, Benat Larrory, Johañe Bedaxagar, Johañe Etchebarne-Ajia, Niko eta Julen Guiresse eta Pette Jaragoyen.