Nekazaritzako foru diputatua den Irene Pardok eta Osasun eta Bilboko udaleko Osasun eta Kontsumorako zinegotzia den Mariano Gomezek `Gure Lurreko Merkatua´ aurkeztu dute gaur goizeko prentsaurrean. Denboraldiko Bizkaiko produktuen merkatu bat da, irailaren 27tik hasita larunbatero egingo dena. Bilboko Areatzako aterpeetan egingo da eta hogei bat ekoizlek parte hartuko dute. Bien esanetan, erakunde biek dagokien foru sailaren eta udal alorraren bidez gauzatutako ekimenaren helburua baserritarren eta kontsumitzaileen kolektiboaren arteko zuzeneko harremana sustatzea da, “lurraren eta mahaiaren arteko distantzia gutxitzea”, euren hitzetan. Bizkaimendi eta Slow Food Bilbaoi-Bizkaiaren laguntza izango dute, bi elkarte horietako ordezkariak ekitaldiak izan direlarik. `Gure Lurreko Merkatuak´ ondorengo ordutegia izango du: 10:00etatik-15:00etara.
Denboraldiko Bizkaiko produktuen merkatu berriak kontsumitzaileek elikagaiak nondik datozen, nork eta nola lantzen dituen eta fresko kontsumitzeko nola egin ezagutzea ahalbidetuko du. Era berean, baserritarrei kulturari eta landa tradizioari hain lotuta dauden beren ekoizpenei etekina ateratzeko aukera emango die. Gainera, tokiko produktuak kontsumitzeak inguruaren garapen iraunkorra bultzatzen du. Izan ere, enplegua eta aberastasuna sortzen ditu. Horren harira, tokiko produktuen alde egitera animatu dute Nekazaritzarako foru diputatuak eta Osasun eta Kontsumorako zinegotziak.
`Gure Lurreko Merkatua´ zuzeneko salmentan oinarritutako baserritarren produktu-sarea sortzeko nazioarteko proposamenaren barruan sartzen da. Larunbat honetan Bilbon estreinako aldiz egingo dena lehenengoa da estatu mailan. Horrela, Bilboko Areatzako aterpeetara hurbiltzen direnek oso-osorik Bizkaian ekoiztu, prozesatu, banatu eta kontsumitzen diren produktuak erosi ahalko dituzte. Hainbat produktu mota egongo dira: haragia, hestebeteak, esnekiak eta eztia, barazki eta fruta freskoak, kontserba begetalak, ardoak eta txakoliñak, sagardoa, ozpinak, ogia, gozokiak eta arrain kontserbak.
Bertako salgai guztiek errespetatuko dituzte "Ona, bidezkoa eta garbia” irizpideak. Onak, zaporeagatik eta usainagatik; garbiak, ekosistema errespetatzen duten prozesu tradizionalen bidez lortuak direlako eta bidezkoak, arrazoizko prezioan saltzen direlako eta ekoizleei baldintza duinak bermatzen dizkietelako. Irene Pardok eta Mariano Gomezek bisitatzeko eta denboraldiko Bizkaiko produktuak erosteko gonbita luzatu dute.