Bihar, urriak 1, hasita eta 31ra arte, Zazpi Kaleetako Unamuno plazako Bilboko Metroaren geltokiko korridorean Bilboko Zinema Ikusezinaren Jaialdiaren aurtengo edizioko erakusketa bat ikusi ahal izango da. Erakusketa urian jende gehien igarotzen den geltokietako batean jarri da, hain zuzen ere zirkuitu ez komertzialetatik datozen lanen ekitaldi zinematografikoari ikusgarritasun handiagoa emateko. Jaialdia Bilbon egingo da urriaren 17tik 23ra. Erakusketa neurri handiko 15 panelek osatzen dute eta `Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Jaialdiaren seigarren edizioan proiektatuko diren filmetako batzuen aurrerapena eskaintzen dute.
Paneletan erakutsiko diren irudiak jaialdian aurkeztutako eta seigarren edizio honetako sarietako bat irabazi nahi duten film batzuetako fotogramak dira. Modalitate hauek izango dira:
- Kulturartekotasuna.
- Giza eskubideak.
- Garapen jasangarria.
- Genero-berdintasuna.
- Ikasleen sariak.
- Saria euskaraz egindako lanik onenari.
- Invisible Express Saria.
- Saria emakume batek egindako lanik onenari.
Askotariko irudiak eta lekukotzak 78 filmetan
Aurten ere, Zinema Ikusezinaren Jaialdiak Bilboko eta Bizkaiko beste herri batzuetako pantailak ispilu bihurtu nahi ditu, 44 herrialdetako pertsonen 78 istorio islatzeko. Esan bezala, herri hauek bat egin dute programazioarekin: Elorrio, Mungia, Barakaldo, Erandio, Portugalete, Iurreta, Getxo eta Leioa. Era askotako irudiak eta lekukotzak izango dira, fikziozko lanetan, dokumentaletan eta animazioko lanetan jasota, ikusleek gure munduari eragiten dioten arazoetako batzuei buruzko gogoeta egin dezaten. Aurten ere, emakumezko eta gizonezko zuzendarien partaidetza orekatua lortu da, eta materialaren % 52 emakumeek zuzendu dute.