2014/10/01 18:30

Hitzaldia

Hitzaldia: Kutxabank herriarena herriarentzat

Hitzaldia: Kutxabank herriarena herriarentzat
Zazpikaleak, Alde Zaharra, EHU egoitza, Alde Zaharra

Euskal Herria bere finantza sistema propioaren kontrol publiko eta soziala galtzear dago: gure erakunde publikoek orain 100 urte baino gehiago sortu zituzten eta kudeatu dituzten aurrezki kutxak pribatizatu nahi dituzte. Orain arte ikusi duguna larria baino larriagoa da:

- BBK-k zeukan handitzeko obsesioak Cajasur erostera bultzatu eta ehunka milioitako galerak sortarazi zizkion. Kutxak, bestetik, inbertsio espekulatzaileak egin zituen eta horiek ere ehunka milioitako galerak ere ekarri zizkioten. Kopuru horiekin, gizarte ekintza duin bat egin ahal zen hamarkada luze batean!

- Kutxabankek euskal hornitzaile garrantzitsu batzuk kanpokoez ordezkatu ditu eta euskal enpresa estrategikoen akzio asko putre fondoei saldu dizkie, Europatik agindua datorrela aitzaki gisa erabilita.

- Kutxabanken 100 milioi euro bideratu ditu Mediterraneo aldeko Sareb-eko (banku txarra) etxeen erosketa finantzatzeko. Fede oneko zordunekin malgutasun gutxien erakusten duen eta etxegabetze gehien egiten duen entitatea da (babes ofizialekoak barne) eta ordainean emateari edo alokairu sozialari etengabe ezetz esaten die. Gainera, HMEI (IRPH) indizea aplikatzen du, nahiz eta epai batek indargabetu eta Legebiltzarrak ez egiteko esan. Instituzioek eskatzen diotenari muzin egiten badio, pribatizatzen dutenean zer ez duen egingo!

Ondorioz, Gizarte Ekintzara bideratzen den dirua erdira jaitsi dute eta etorkizunean kolokan dago. Daramaten bidea Nafarroako Kutxaren berdin-berdina da. Hemen ere kutxak galduko ditugu?

Baina larriena ikusteke dugu oraindik. Egindako kudeaketa txarragatik dimititu beharrean, orain estatu kolpea ematen ari dira eta, Espainiako banku erreskatearen aitzakiarekin, boterea betirako haien esku izan eta kontrol publiko eta soziala saihestu nahi dute, banku fundazioak bihurtuta. Euskal hauteskundeetan egon daitezkeen aldaketen aurrean blindatu eta Kutxabankek daukan boterea, eragiteko gaitasuna eta ondarea haien onura pribaturako erabili nahi dute eta ez euskal herritar guztien onurarako.

Ezin dugu Kutxabank pribatizatzen utzi. Alternatibak egon badaude eta herritar guztien onurari begira egongo den finantza sistema propioa edukitzeko eskubide osoa dugu. Horregatik, orain arte hainbat sindikatu eta elkarteek egindako lana osatzeko, herriz herri eta auzoz auzo eratu nahi dugun Kutxabank Publikoa bilgunean parte hartzera dei egiten dizuegu.

Euskal herritarron aurrezkiak, gizarte ekintza eta kutxen demokrazia arriskuan daude. Laguntzeko prest zaude?

 Kutxabank Publikoa Bilgunea

 kutxabankpublikoa@gmail.com