Nazioen arteko Guduaren 201. urteurrena gogoratu du Eriz Morenok

uriola.eus 2014ko urr. 6a, 07:45

‘18/19/2013’ izenburupean, argazkiak, bideoak, kartelak eta objetuak bildu ditu, iaz Bilbao Arten egindako egonaldian burutu zuen lanaren emaitza gisa, aurten aurreneko aldiz aurkeztuko dituen beste lan batzuekin batera.

Eriz Morenok Leipzigeko Gudua edo Nazioen arteko Gudua deritzonaren jazoera historikoa aztertu du ‘18/19/2013’ erakusketan, hiru data eta ikuspegi desberdinetatik: 1819, 1913 eta 2013, erakusketa ikonikoarekin, sinbolikoarekin eta errealarekin lotzen direnak, hurrenez hurren. "Urte bakoitza erakusketaren zati bat da, eta data bakoitzari tratamendu desberdina eman diot", azaldu du Morenok.

Lehenengo zatia 1813 urteari dagokio, orduantxe gertatu baitzen Leipzigeko Gudua, Napoleoni inoizko porrotik handiena ekarri ziona. Erakusketan, Morenok egindako dokumentazio-lanaren emaitza dago ikusgai, guduan parte hartu zuten sei herrialdetako (Frantzia eta Varsoviako Dukerria, Errusia, Prusia, Suedia eta Austriaren aurka) museoetan aztarrika ibili ondoren, gertaera historiko hori herrialde bakoitzean nola azaltzen den bistaratzeko asmoz. Erakusketan, Napoleonen zaldi disekatuaren eta frantziar enperadorearen arropa eta kanpadendaren argazkiak ikus daitezke (normalean Parisko Armadaren Museoan egoten dira ikusgai), baita garai hartako jatorrizko kainoi-bala bat ere.

Bigarren zatiak 1913raino garamatza, eta alderdi sinbolikoa du ardatz, urte horretan Leipzigen Nazioen arteko Guduaren oroimenez eraiki zen monumentuaz irudikatuta. Artistak monumentuaren inguruan ateratako diapositibak biltzen dituen bideo batek eta zenbait argazkik osatzen dute erakusketaren zati hau. "Monumentua objektutzat erakustea da helburua, ahalik eta neutroena izateko asmoz", esan du Morenok, Nazioen arteko Guduak Alemaniaren nazio-izaeraren eta germaniartasuna delako kontzeptuaren hasiera markatu zuela nabarmenduz.

Hirugarren zatiak errealari buruz hitz egiten du, eta erakusketaren alderdirik pertsonalena da. Bertan, artistak gogora ekarri du Leipzigen 2013an egin zen Nazioen arteko Guduaren antzezpena, 6.000 pertsona partaide izan zituena, 35.000 ikusle baino gehiagoren begiradapean. Hauen artean zegoen Moreno, eta Bilbao Arten ikusgai jarri dituen irudietan, beste pertsona batzuek guduaren antzezpena erretratatzeko erabili zituzten argazki-kamerak agertzen dira. Horrez gain, bi bideo ere pantailaratuko dira, bata ikuskizunari buruzkoa, eta bestea ikuskizunaren aurka protesta egiteko bakearen ikurra zeramaten banderak haizatzen dituzten pertsonei buruzkoa. 

"Lan osoa guduari buruzkoa da, baina ez da guduarekin zerikusia duen ezer agertzen; gehiago interesatzen zaizkit guduaren garaiko testuinguru sozial eta politikoak eta bakoitzak nola ulertzen duen gertaera historiko hori", azpimarratu du artistak. Morenok erakusketa urrian antolatzeko eskatu zuen, hilabete honetan 201 urte beteko baitira Nazioen arteko Gudua gertatu zela, hilaren 16tik 19ra bitartean, zehazkiago esanda.

Eriz Moreno da, 2013an beka jaso zuten 26 artisten artean, aurtengo edizioko epaimahaiak Bilbao Artek Urazurrutiako 32an duen aretoan banakako erakusketa antolatzeko aukeratu dituen zazpi artistetako bat. Aurten, 31 artista eta bi kolektibo artistiko egiten ari dira egoitza artistikoa Bilbao Arten, Bilboko zentro honek BBK Fundazioaren laguntzaz sortzaile gazteei eskaintzen dizkien bekei esker.

Curriculuma

Bilbon jaioa 1982n Eriz Morenok (Bilbo, 1982) EHUn ikasi zuen, Arte Ederretako Master bat dauka La laguna Unibertsitatean eta gaur egun Doktoregoa egiten ari da Leioako Fakultatean. Europan eta Estatu Batuetan beka eta sariak jaso ditu. 2013 eta 2014 urteen artean banakako erakusketa adierazgarrienak, ‘Projekt Beton’ Szczecinek Herrialdeko Museoan (Polonia) eta ‘Ararat’ Erevaneko Arte Garaikideko Museoan (Armenia). Taldekoak ‘9.980 km el horizonte que nos separa’ Domus Artium 2002 Museoan (Salamanca) eta ‘Zerumuga’ Bilboko Guggenheim Museoan.