Lirikaren munduak oso leku garrantzitsua hartuko du Arriaga Antzokiaren programazioan, berriro ere. Denboraldiko lehenengo ikuskizun lirikoa L’equivoco stravagante (gaizki-ulertu bitxia) izango da, Gioacchino Rossiniren musika eta Gaetano Gasbarriren libretoa dituen opera bufoa. Urriaren 15ean, 17an eta 19an –asteazkenean, ostiralean eta igandean– eskainiko da, funtzio bat egunero. Urriaren 15ean eta 17an, emanaldiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira, eta igandean, urriaren 19an, 19:00etan.
Pesaroko Rossini Opera Festivalaren jatorrizkoan oinarrituz Arriaga antzokiak ekoiztu duen L’equivoco stravagante lanaren muntaketaren zuzendaritza eszenikoa Emilio Sagirena da, eta musika zuzendaritza eta klabea Speranza Scappuccirenak. Orkestra zuzendari erromatar gazte horrek piano jotzaile gisa hasi zuen bere lan ibilbidea, kritikaren eta ikusleen aldetik arrakasta handia lortuz, eta gaur egun operetako musika zuzendaritzako figurarik moldakor eta dinamikoenetakoa da. Bere batutaren aginduetara arituko dira Bilbao Orkestra Sinfonikoa BOS eta Rossini Abesbatzako kideek osatutako gizonezkoen abesbatza. Horrez gain, lan horrek, pianoan arituko den Husan Park maisu errepikatzailearen ekarpen bikaina izango du.
L’equivoco stravagante lanean arituko den abeslarien taldea oso ona da. Protagonisten artean azpimarratzekoak dira Manuela Custer mezzosoprano italiarra eta Bruno de Simone bere herrikidea, bere lan ibilbide luzean Rossiniren operan espezializatu den baritonoa. Jose Luis Sola tenore nafarrak eta David Menendez baritono asturiarrak osatzen dute ahots nagusien laukotea.
Gainera, cast barruan ahotsaren munduan oso garrantzitsuak diren beste bi artista ere badaude: Aurora Gómez sopranoa eta Alberto Núñez tenorea. Amaitzeko, euskal arte eszenako antzezle, kantari eta dantzari hoberenetako batzuk ere parte hartuko dute: Eneritz Artetxe, Silvia Casero, Olatz Ganboa, Leire Orbe, Aritz Bengoa, Aitor Borobia, Gorka Martin, Natxo Montero, Mitxel Santamarina eta Alex Ygartua.
L’equivoco stravagante lanaren eszenografiaren arduraduna Francesco Calcagnini italiarra da, ikuskizun askotan lan egin duen diseinugile ospetsua. Jantziez berriz, azken urteetako antzerki emanaldi garrantzitsuenetakoak jantzi dituen Pepa Ojanguren arduratuko da. Adibidez, duela hilabete gutxi batzuk, arrakasta handia lortuz, mundu mailako estreinaldia Arriaga Antzokian izan zuen El Juez operaren jantziez arduratu zen.
L’equivoco stravaganteri buruz
L’equivoco stravagante (gaizki-ulertu bitxia), Gioacchino Rossiniren musika eta Gaetano Gasbarriren libretoa dituen opera bufoa da. Bolognako Corso Antzokian estreinatu zen 1811ko urriaren 26an. Eszenatokietara heldu zen Rossiniren bigarren konposizio lana izan zen.
Baina, estreinaldian arrakasta handia lortu zuen arren, hiru emanaldi baino ez zituen izan. Guztiek emakume protagonista castratoa zela uste izate okerraren ondoriozko nahasketa dibertigarriek eta lizunek, beti ere nahiko urria izan ohi den zentsoreen pazientzia gainditu zuen, eta debekatu egin zuten. Rossinik opera horren parteak sartu zituen ondorengo zenbait lanetan, horiez baliatzeko eta ahaztu ez zitezen.
Orain, berrehun urte baino gehiago igaro ondoren, Bilbora heldu da, Arrriaga antzokiaren eskutik. L’equivoco stravagante lanaren muntaketa horrek jatorrizko lanaren izpiritu ausarta eta lotsabakoa gordetzen du, eta baita antzerki eta musika izaera ere, baina, halaber, egungo ikus-entzuleentzat dago pentsatuta.
Sarrerak
12 eta 42 euri bitarteko sarrerak egongo dira. www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian eskuratu daitezke.