Josu Kamara, EHAZE: "Bilboko euskarazko antzerkiari etorkizun oparoa opa diot"

uriola.eus 2014ko urr. 17a, 09:32

‘Bilbo, antzerkia eta euskara’ hirukoa aztergai izan duen mahai inguruak hainbat profesional batu ditu larunbatean Bilbon ospatuko den Antzerkizale Egunaren bezperako egunetan. Egoeraren diagnostikoa egin eta aurrerabiderako zenbait ideia bota dizkiote URIOLAri.

Antzerkia "gazte" dagoela uste du Josu Kamara Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko presidenteak. "Beti sortzen dago, batez ere, Hegoaldean", eta euskal antzerkia "basamortuan" kokatzea akatsa dela deritzo. Largabistak begietatik kendu eta hurbildu beharra dago "Bilbon euskal antzerkia izan dela eta badela" konturatzeko. Talde eta pertsona "oso adierazgarriak" egon dira, Kamararen iritziz, belaunaldiak "markatu dituztenak". Besteak beste, Maskarada taldea nabarmentzen du helduentzako antzerki profesionala egiten, "euskararekiko konpromiso serioa" azaldu zuen lehen taldea. 

Aurrera begira, itxaropentsu da Kukubiltxoko sortzailea. "Gauzek hobera egingo dutela", pentsatzen du. "Bizi gara, hor gaude", dio, eta euskal antzerkiari "etorkizun oparoa opa diot". Horretarako, batasuna funtsezko jotzen du Kamarak: "Aliatuak izan behar gara". 

Iritzi berekoa da Mikel Martinez aktorea ere. Bilbon, euskal antzerkigintzan, "indarra badela" uste du. "Egon da eta egon daiteke", azpimarrantzen du. Ez du "negarrik egin nahi" euskal antzerkiaren egoeragatik, "erantzule bakarrak gu gara", dio.

Administrazioen ardura "handia" aipatu nahi izan du Ane Zabala aktoreak. Euskara hizkuntza gutxitua izanik, "botika onak" behar dituela euskal antzerkiak "eskaintza iraunkorragoa" izateko. Horrela, "zaletu daiteke zalea", Zabalaren aburuz.

Euskal antzerkia "nahiko" programatzen da Alicia Otxandategi Bilboko Udaleko eszena programatzailearen hitzetan. Bere esanetan erakundeek "bultzatzen" duten zerbait da. Zabalak bezala, publikoak "euskarazko antzerkira hurbiltzeko arazoak" dituela pentsatzen du. "Ume eta familiek ez hainbeste". "Bai nagusiek eta, batez ere, antzerki esperimentala eta garaikidea" ikustera hurbiltzeko. Hortaz, Otxandategirentzat "kezka nagusia" publikoarena da eta gakoa "ikusleak lortzea eta indartzea".

Antzerki amateurrak ez duen arazoa da publikoarena, Josu Torre aktore amateur eta mahai inguruko moderatzailearen arabera. "Osasun ona du". Horren erakusle aipatzen ditu, besteak beste, Deustuibarrako auzotarrek larunbatean Antzerkizale Egunean antzeztuko duten pastorala eta omenduko den antzezlea; 60ko hamarkadako Kriseilu taldeko aktore eta zuzendari Bego Foruria. Talde amateurren artean "inportantea" izan zen Kriseilu, Ayala eta Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztera heldu zena.

Antzerkizale Eguna 2014: urriak 18 larunbata

"Topagunea" da larunbateko hitzordua euskal antzerkizaleentzat. "Elkartzeko eta gozatzeko eguna". Gainera, ezin pozago daude bosgarren ediziorako Bilbo aukeratu duelako Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak. Bilbotarra da, "peto-petoa", Euskal Antzerkiaren Galan omenduko den pertsona, Kriseilu taldeko Bego Foruria, eta denak bilbotarrak ez badira ere, emakumeak, bai, gala horretako protagonistak, euskal antzerkiko emakumeak ezin presenteago izango baitira.

Egitaraua

12:30 Sardina freskue. Eideba taldea. Haurrentzako antzezlana. Plaza Barrian.

15:00 Antzerkizale bazkaria. Pabilioi 6n.

17:30 Lutxa ala luntxa. Deustuko Erriberako auzokideen pastoral ibiltaria. Pabilioi 6n.

19:00 Magia parrastaz. Imanol Ituiño magoa. Pabilioi 6n.

19:30 Desentxufatuak. EzDokHiru-Tartean. Pabilioi 6n.

20:30 Euskal Antzerkiaren Gala: Geu, Gutaz: emakumea euskal antzerkian: Eneritz Artetxe, Itziar Elias, Zoila Berastegi, Johana Ocaña, Patricia Urrutia + Mor More musika taldea zuzenean. Pabilioi 6n.

21:15 Antzerkizale Saria: Begoña Foruria. Pabilioi 6n.