Literatura eta musika hitzaldi-kontzertua Arriagako gelatxoetan

uriola.eus 2014ko urr. 21a, 09:00

Toti Martinez de Lezeak eta Maite Itoizek literaturari soinua atera eta ahotsa jarriko diote gaur musika historikoari Arriaga antzokian. Hitzaldi-kontzertuak lehen mailako musika eta literatura bilduko ditu, beti ere idazleak markatutako ildo eramailearen eskutik, inprobisatzeko duen gaitasunetik eta entzuleekin duen lotura bikainetik.

Gaur, urriak 21, 20:00etatik aurrera eskainiko dute Toti Martinez de Lezeak eta Maite Itoizek hitzaldi-kontzertu gisa definitu daitekeen ikuskizuna Arriaga antzokiko foyerrean. Hitzaren edertasuna Toti Martinez de Lezea idazlearen ahotan, bere ahotsaren moldakortasuna ere erakutsiko digun Maite Itoiz musika tresna jotzaileak kontu handiz laztandutako Errenazimenduko lautearen edo arpa zeltarraren soinu ederrez eta finez inguratuta.

Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarrak egingo duen aurkezpenaren eszenatokia Bizkaia eta Euskal Herria dira, bertako herriak eta bertako jendea, mendeetan zehar. Horretarako, sarrera historikoa egingo du eta bere eleberrietako zenbait testu irakurriko ditu. Ikus-entzuleek, une batez begiak ixteko eta Maite Itoiz soprano eta musika jotzaile nafarraren arparen eta lautearen noten eta ahots finaren artean bidaiatzeko aukera izango dute. Nafarroako Teobaldo I.aren edota Alfontso X Jakintsuaren garaiko musikaz eta antzinako beste melodien misterio esanguratsuaz gozatzeko aukera izango du ikusleak. Sarrerak 8 eta 12 euro bitartean balio ditu eta www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian, eskuratu ahalko dira. Ordubete eta erdiko iraupena izango du.

 
Toti eta Maiteri buruz
Toti Martinez de Lezea gaur egun arrakasta gehien duen euskal idazle emakumea da. Bere eleberriek mundu osoko eta adin guztietako irakurleak erakarri dituzte, izan ere, arrakasta handienak lan aberatsen eta anitzen bitartez lortu baititu, Las torres de Sancho, Los hijos de Ogaiz, La herbolera edo Mareas (orain arte idatzi duen azken liburua), batzuk bakarrik aipatzearren, baina haur eta gazte literaturan ere murgildu da, erreferentzia ugari idatziz. 
 
Maite Itoiz, bere aldetik, lehen mailako artista da. Ahotsa erabiltzeko eta musika tresnak jotzeko orduan duen kalitate maila ez du inork zalantzan jartzen, bakarka zein Elfenthal egitasmoaren barruan egin duen ibilbidean erakutsi duen bezala. Horietan era bikainean konbinatzen ditu musika historikoa eta klasikoa, opera-rock etiketaren barruan sar daitezkeen lanetara zuzendutako beste alderdiak baztertu barik. Bere moldakortasunari esker, Oskorri edo Luar Na Lubre folk taldeekin edo Doro hard-rockeroarekin jo duen Wolf Simon bateria jotzailearekin aritu izan da, besteak beste.