Ikasle Sindikatuak atzo, asteartean hasi eta bihar bukatuko duen greba eguna burutu dute gaur. Eguerdian Arriaga antzokiaren parean bildu dira ikasleak. Antolakunde honen ildo ideologikoari jarraiki, egunotan deitutako greba orokorraren zergatiak argi utzi dituzte: “Gure bizi baldintzen, gure eskubide demokratikoen eta oinarrizko zerbitzu sozialen aurkako eraso basatiak jasaten ari gara”. Era berean, beka sisteman egon diren aldaketen aurka agertu dira: “Egungo beka sistemarekin amaitu nahi dute hauek banku maileguekin ordezkatzeko”. Beñat Berrueta Ikasle Sindikatuko kideak gehitu duenez, "kontraerreforma frankista honen aurka egingo dugu".
Irauli erakundeak ere bat egin du Arriaga Plazako mobilizazioarekin, baina bloke kritiko bezala. Unai Bayon Irauliko kideak azaldu duenez, "Ikasle Sindikatuak ez du lortu gazteria batzea" eta ikastetxe askotara ez dela joan salatu du.
Ikasle Sindikatua
Ikasle Sindikatua espainiar estatuko ikasle antolakundea da, DBHko, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleak barnebiltzen dituena. 1986. urtean sortua, bere burua ezkertiar, antifazista, internazionalista eta antikapitalistatzat du.
Hezkuntza herritik eta #Herriarentzat
Ikasle Sindikatuak, Sindicato de Estudiantesek deitutako greba orokorraren harira, nazio zapalduetako ikasle antolakundeek adierazpena egin dute. Ikasle Abertzaleakek (Euskal Herria), SEPCk (Paisos Catalans), YESCAk (Gaztela), AGIRrek (Galiza), Liga Estudiantil Galegak (Galiza) eta Xunta Estudiantil Asturianak (Asturies) sinatu duten adierazpenean hezkuntza herritik herriarentzat eraikitzeko deia luzatu dute, Ikasle Sindikatuak deitutako greba orokorra babesten ez duten bitartean.