Aste osoko jardunean bildutako estresa musika eta dantzaren bitartez kendu nahi duzu? Euskal dantza tradizionalaren dibulgazioan diharduten musikari eta dantza-maisuek osatutako Aiko Taldeak erromeria herrikoi batean parte hartzera gonbidatu nahi zaitu gaur, 19:00etatik aurrera, Erriberako Merkatuan, zuzeneko musika eta guzti. Sarrera librea izango da, eta parte hartzera animatzen direnek Aiko Taldeko kideen azalpenak izango dituzte lagun, gorputzak ‘askatu’ eta euskal dantzez oso-osorik gozatu ahal izateko.
Ekimen hau Aikok Bilboko Udalarekin eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin sinatu duen lankidetza-hitzarmenaren haritik gauzatuko da, musika eta dantza tradizionalarekin bertakoentzat nahiz bisitarientzat erreferentziazko gune bilakatu den barruti historiko honetako kultur eskaintza indartuz. Horrela, hilabete bakoitzaren hirugarren ostiralean, merkatu ezagun horretara inguratzen diren bilbotarrek asteburua hasteko modu dibertigarri honetaz gozatzeko aukera izango dute.
Aiko, gero eta gertuago
Gainera, Erriberako Merkatuko hileko dantzaldi hauek, Aiko Taldea dantzarako esparru berriak sortu eta gero eta jende gehiagorengana iristeko asmoz egiten ari den lana ezagutzeko aukera eskainiko diote publikoari. Duela zazpi urte baino gehiago abiarazi zuten ‘Dantzaldi ibiltaria’ deritzon programa, eta harez geroztik, 2.000 pertsonak baino gehiagok dantzan egiten ikasi dute, aldez aurreko ezagutza-mailari erreparatu gabe.
Aurtengo ikasturtean, Aikok tailerrak antolatuko ditu Bilbon (Bizkaia Aretoa), Donostian (Victoria Eugenia Antzokia), Galdakaon, Markinan, Gernikan, Sopelan, Ondarroan eta Iruñean, betiere “musika eta dantza era natural, lasai eta dibertigarrian” egin eta zaletasun hori ahalik eta jende gehienarengana helarazteko asmoz. Horretarako, musikaz eta dantzaz gozatuz ikastea ahalbidetzen duen metodologia propioa sortu dute. Ekimen honek musika eta dantza egiteko modua berrasmatzea suposatu du, jatorrira itzultzea, lehengo jai herrikoietan dantzan egiteko erabiltzen zen erraztasun eta naturaltasunera jotzea. Horixe da ‘Dantzaldi ibiltaria’ ekimenaren bidez zabaltzen ari diren ikasteko metodo erraz eta jostagarria. Beren helburua, dantza tradizionalaren balio sozializatzailea berreskuratzea da, pertsonen arteko entretenimendu eta komunikazio-bidea eta egungo aisialdirako aukera baliagarri eta jostagarria izan dadin.