Maskaradaren 'Arkimedesen printzipioa'-k gizartearen alarmismoa taularatuko du

uriola.eus 2014ko urr. 28a, 15:17

Denbora "errealean" gauzatzen den ikuskizunaren abiapuntua "ohiko beldurretan" aurkitzen da. 'Arkimedesen printzipioa' euskaraz estreinatuko du bihar, urriak 29, Maskarada taldeak Arriaga antzokian.

Arriaga Antzokiak, Maskarada euskal antzerki taldearen lan berriaren erabateko estreinaldia jasoko du, Arkimedesen printzipioa. Ikus-entzuleek euskaraz zein gaztelaniaz ikusi ahal izango dute ekoizpen lan berria. Hori dela eta, Arkimedesen printzipioa antzezlanak bi antzezle talde alternatibo bikain ditu. Josep María Miró i Coromina katalana da lanaren egilea, eta zuzendaritzaz Carlos Panera arduratu da. 

Euskarazko bertsioan Tessa Andonegi (aurpegi ezaguna gure pantailan, Goenkale telesailari esker), Eneko Sagardoy, Xabier Ortuzar eta Aitor Fernandino ditugu. Guztiek ere lan asko eta bikaina egin dute azken urteetan, antzerkian zein telebistan. 

Obra honek 2011ko Born Saria eskuratu zuen, bere edukina eta horren trataera direla-eta. Gainera, arrakasta handia erdietsi du hain ezberdinak diren Mexiko, Argentina, Kolonbia, Frantzia, Italia edo Errusian, besteak beste.

Antzezlanaren sei funtzio eskainiko dira, hizkuntza bakoitzean hiru. Lehenengo hiruak euskaraz izango dira, bihar eta etzi, hau da, asteazkenean, urriaren 29an, eta ostegunean, urriaren 30ean. Bi egun horietan funtzioak egongo dira goizeko 11:00etan, eta hirugarren eta azken emanaldia ostegunean, urriaren 30ean, arratsaldeko 20:00etan, izango da.

Lan honi buruz

Arkimedesen Printzipioak udal-igerilekuko kloro giroan murgiltzen gaitu gure gizarte axolagabearen muturreko parabola izanik, benetakoa ala ez den gertaera abiapuntua izanik. Neskatila batek haur igeriketa taldeko entrenatzailea mutiko bati ahoan musua ematen ikusi duelakoan dago. Masailean musu bat baino ez da, entrenatzaileak nekatzeraino dioen bezala edo  benetan bazegoen asmo lizunik?

Une honetatik aurrera sare sozialak irakiten hasiko dira eta sahietsezineko zurrunbiloan hedatuko dute eskandalu bihurtuko den berri hura, beste aldetik inork egiaztzerik ez daukana. Obra honek aukera ematen digu gertaera hura pertsonaia bakoitzaren ikuspegitik jasotzeko, alegia, protagonistarengandik, igerilekuko zuzendariarengandik, lankideengandik, gurasoengandik… etabar.

Baina zein da gure iritzia? Esandakoa egia hutsa da edo gezurrik beltzena osatzen ari da. Inguratzen gaituen gizartearen psikosiak gure iritzia ere kolokan jartzen du eta ikus daiteke zurrumurru soil batek nola astindu dezakeen gure barneko beldurra eta indarkeria. Sare sozialen nonaikotasuna era kritikoan jasotzen da gaurreguneko egoera lazgarriak direla eta.