Ferenc Feher dantzariak ‘Morgan eta Freeman’ dantza eta txotxongilo ikuskizuna aurkeztuko du Arriagan

uriola.eus 2014ko aza. 3a, 12:45

Bihar asteartean, azaroak 4, 20:00etatik aurrera, Ferenc Feher dantzari eta koreografo hungariarra izango da Arriagako Gelatxoaren protagonista. Antzokiaren eszenatokian ikusi ahal izango da.

Ferenc Feher ospe handiko artista da eta bere ikuskizunak mundu osoan eskaini ditu. Horrela, azken hilabeteetan Austria, Brasil, Errumania, Frantzia, Italia eta Venezuela bisitatu ditu. Eta orain Bilbora heldu da, Arriaga Antzokira, hain zuzen ere, eta bertan Morgan eta Freeman aurkeztuko digu. Ikuskizun honetan, Feherrek dantza eta txotxongiloak erabiliz egiten dituen zenbait lan nahasten ditu. Dantzan oso mugimendu libreak eta arte martzialetako elementuak erabiltzen ditu. Emaitza harrigarria eta aztoragarria ere bada, aldi berean, oso atmosfera iluna sortzen duelako eta ikus-entzuleak isolamendu eta bakardade giroan murgiltzen dituelako. Baina, aldi berean, artistak kontrastea ere bilatzen du, zorroztasun kolpeen eta umorearen bitartez.

Ferenc Feher da ikuskizunaren alma materra, interpretea eta koreografoa, Rene Aubryren lanean inspiratutako musikaren sortzailea izateaz gain. Pieza harrigarri honek Lehen Saria lortu du duela gutxi Veszpremeko (Hungaria) Dantza Garaikide 16. Jaialdian. Izan ere, urteetan zehar, hainbat lani esker, sari asko lortu dituen artistaz ari gara hitz egiten. Iaz, adibidez, ACT Arriaga International Touring Prize - Be Festival 2013 saria jaso zuen oso proposamen interesgarria den TAO TE ikuskizunarengatik. Horregatik izango dugu bihar Arriaga Antzokian.

Zer da Morgan y Freeman?

Dantza pieza adimentsua eta zoro samarra, berez txotxongiloa den norbaitekin: 35 zentimetro inguruko gizontxo bizia, 5 zentimetroko oinetakoak dituena. Freeman da, izaki basatia, ez oso atsegina, Morgan izorratuz gozatzen duena. Baina Morganek Freeman sakrifikatzea planteatu dio bere buruari, buruan zerbait darabilen eta adiskide untxi bat duen Freemanek bestelako aukerarik uzten ez badio.

Sarrerak

8 eta 12 euro bitarteko sarrerak daude www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan eskuratu daitezkenak.