20 urte umeen artean sorkuntza eszenikoa bultzatzen

uriola.eus 2014ko aza. 4a, 09:20

Maiatzaren erdialdera arte, Haur Hezkuntzara eta Lehen Hezkuntzako lehen ziklora batez ere zuzenduta egongo diren 28 emanaldi eskainiko ditu Bilbon Eskolatik Antzerkira programak. Horrez gain, ikastetxeek Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berri baten parte hartzeko aukera izango dute. 20. urteurrena beteko dute aurtengoan umeen artean sorkuntza eszenikoa bultzatzea xede duten bi ekimenek.

Arte Eszenikoak "hezkuntzarako tresna gisa" ardatz ditu Bilbon Eskolatik Antzerkira programak. Jada ohikoa den Eskola Antzerki Lehiaketarekin batera, 20. urteurrena ospatuko dute, hasierako helburu berberekin: Arte Eszenikoetarako ikus-entzule berriak prestatzea eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzea.

Ekimen horietan, alde batetik, konpainia profesionalek umeei zuzenduta prestatu dituzten lanen emanaldiak sartzen dira, eta, bestetik, sorkuntza bultzatzen da, Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dagoen eta muntaketak aurrera eraman ahal izateko laguntza ekonomikoa eta teknikoa duten antzerki ikastaroen eta lehiaketaren bitartez.

Bi hamarkada hauetan, Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenari esker, 160.000 ikus-entzule baino gehiagok, umeek, harremana izan dute Arte Eszenikoekin, Euskal Herriko artistekin eta konpainiekin, baina baita Estatuko gainerako lekuetakoekin eta beste herrialde batzuetakoekin ere, Europakoak zein Hego Amerikakoak, gai eta eszenan jartze oso anitzak izan dituzten ikuskizunak, hain zuzen ere. Kopurutan, 1995/1996 ikasturtetik 754 emanaldi eskaini dira, eta ekimenean gure hiriko 96 ikastetxek hartu dute parte.  

Eskolako antzerki denboraldia

Ikasturte berri honetarako 28 emanaldi programatu dira (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), zortzi konpainiaren eskutik. Konpainia horiek Bilborocken, Campos Antzokian, Alondigako auditorioan eta Otxarkoagako eta San Frantziskoko udaltegietan eskainiko dituzte euren lanak. Eskolako antzerki denboraldia gaur inauguratuko da, Otxarkoagako udaltegian, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzendutako Engruna Teatre taldearen Posta Kodea antzezlanarekin.

Emanaldietara joateko aukera eskaintzeaz gain –aurretik ikastetxeek erreserba egin ondoren–, Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenaren barruan, Kultura eta Hezkuntza Sailak material didaktikoak ere jarriko ditu irakasleen esku, taldeekin lan egin ahal izateko, ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule berrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.

Hogeigarren edizio honekin bat etorriz, berrikuntza gisa, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aurrera eraman beharreko tailer-ikuskizun bat ere programatu da, ikus-entzule horiek obra klasikoetara lotutako sorkuntza eszenikora hurbiltzeko, kasu honetan Shakespeareren Criados y bufones ikuskizuna. Ekimenak testu klasikoetara, komunikazio ekintza gisa ulertutako antzerki ekintzara, hurbiltzea proposatzen du. Horrez gain, ikasturte honetan proiektu pilotu bat ere hasiko da, zenbait ikastetxeri laguntza emateko, euren ikasleen artean kultur ohiturak susta ditzaten. Horretarako ikasleekin lan egingo da, aurrera eraman beharreko ekintzak diseinatzeko.

Antzerki lehiaketa

Era berean, Kultura eta Hezkuntza Sailak Eskola Antzerki Lehiaketaren edizio berri bat antolatuko du 2014/2015 ikasturte honetan. Lehiaketaren helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko gisa erabiltzea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da. Horrela, antzerki emanaldien lehiaketa bat da, egokitutako lanak edo ikasleek beraiek sortutakoak aurkeztuko dituena. Ondorioz, Bilbon Eskolatik Antzerkira programaren osagarri egokiena da, izan ere, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera pasatzen baitira.

Irabazle gertatzen diren taldeentzat dirutan banatuko diren sariez gain, parte hartzen duten ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalitate bakoitzeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko dituzte, eta, horrez gain, euren lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukera izango dute, Arriaga Antzokian ospatzen den Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diren pertsonek osatutako epaimahaiak, alderdi hauek sarituko ditu, besteak beste: lan eszenikorik hoberena, proposamen eszenikorik bereziena, alderdi teknikoei emandako konponbiderik onena, interpretaziorik hoberena, partaideen adinera egindako egokitzapenik onena edo modalitate eszenikoen berreskuratze lanik hoberena. Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dute parte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egun hauetan, programa horiei buruzko informazio guztia jasoko dute.

Iaz, Bilboko 20 ikastetxe publikok eta pribatuk hartu zuten parte, 39 lan aurkeztuz. Lan horietan 600 ikasle inguruk hartu zuten parte.