Josu Muguruzaren figura "berreskuratu eta ezagutaraztea" helburu du dokumentalak. Batik bat, publiko gaztearen artean, Markel Andia eta Lander Iruin egileen esanetan, gazteek "asko ez baitakite".
Memoria egitea "beharrezkoa" den garaian, dokumentalak Muguruza definitzen duen ‘Madrilen hil zen diputatua’ kontzeptua aldatzea du xede, bere ibilbide labur bezain "gorabeheratsuan" oinarrituta. 70eko hamarkadako Errekalde auzoko arazo sozialetatik hasi eta eta Euskal Herri mailako konpromisoetara".
"Positibismoa, esperantza, egoera zailei aurre egiteko nahia" da ‘Zohardia’ Lander Iruin eta Markel Andiaren hitzetan. "Hori da Josu Muguruza, dituen arrisku guztiekin". "Dituen arrisku guztiekin", Iruñean eginiko mitin baten amaieran Josuk berak erabili zituen hitzak dira. Andia eta Iruinen ustez, "bitxia" den esaldia, eta Josuren bizitzaren amaierarekin "zentzua hartzen duena".
Zohardia zen Josuk Egin egunkariko kazetari gisa lparraldean jardun zuenean erabiltzen zuen ezizena testuak sinatzeko eta ‘Zohardia bete dute, izarren bidez gidatzen baitira’ Joseba Sarrionandia idazlearen hitzekin osatu dute izenburua, bi egileei Muguruzaren "bizitzaren isla" iruditzen zitzaileko.
Euskal Herriaren historian une "garrantzitsuak" izan zirenak ere azaltzen ditu filmak. Muguruzaren "garaiak", hain zuzen ere, besteak beste, Frankismoaren amaiera, GALen garaia "bete-betean" edota Argeleko elkarrizketak. Horrela, "guk ere memoriaren berreskurapenean parte hartu nahi izan dugu".
Urte beteko proiektuaren atzean, "mila esperientzia eta mila ikasgai" bereganatu dituzte Andia eta Iruinek, Muguruzaren familia, lagun eta lankideekin eginiko 21 elkarrizketetan. Guztira, 28 pertsona dira dokumentalean lekukotza eman dutenak eta "arazorik gabe" konbentzitu dituztenak parte hartzeko.
Familia
Josu Muguruzaren erailketaren urteurrena “bereziagoa” izango da aurten Elena eta Jonerentzat, Josuren alargun eta alabarentzat. “Borobila” delako eta “hainbat proiektu” egingo direlako: liburua, dokumentala eta Errekalden antolatu diren zenbait ekimen.
“Polita da” Elena Bartolome eta Jone Muguruzarentzat oraindik orain “jendeak ahaztu ez duela ikustea”. “Ilusioa” sentitzen dute ama-alaba santutxuarrek “jendeak Josu Muguruza gogoratu nahi duela” jabetzen direnean. Gogoratzeko ekimen horietako bat da ‘Zohardia’ izeneko dokumentala. Zirriborroa ikusi dute bai Elenak bai Jonek eta gustura geratu dira “ez delako soilik heriotzera mugatzen. Bere bizitza laburrean izan zuen garapena erakusten du, eta hori gustatu zait gehien”, diosku Jonek.
Elenarentzat dokumentalean parte hartzea eta bukatuta ikustea “gogorragoa izan da; berriro bizipen horietara itzultzea”. Jonerentzat, aldiz, interesgarria izan da bere aitaren “aspektu asko” ezagutzeko. Batik bat, Josuren Iparraldeko egonaldia.
Estalitako historiak ateratzeko olatua
Ikus-entzunekoetan lizentziatuak diren Markel Andia eta Lander Iruinek FITE izeneko ekoiztetxea sortu dute bai ‘Zohardia’ bai aurrerantzean "beste historia batzuk kontatzeko". Zinemak bizi duen sasoi latzean "gure historiak kontatzeko gogoa inoiz baino biziagoa da", adierazi dute. Izan ere, bi errealizatzaile gazteen iritziz "olatu bat" dago "nahiko estalitako historiak ateratzeko". Olatu hori Barrura begiratzeko leihoak, Gazta zati bat, Itsasoaren alaba filmekin hasi zen, eta Lasa eta Zabala-rekin "nabarmen" egin du aurrera. "Guk ez badugu egiten, nork egingo du", galdetu du Andiak.
‘Zohardia’-ren atzeko talde lana azpimarratu nahi izan dute egileek gaurko agerraldian. Hainbat profesionalen laguntza izan dute dokumentala osatzerakoan, "irabazi asmorik gabekoak", eta horiei eskerrak eman dizkiete.
Emanaldiak
Gaur, azaroak 17, ikusi ahalko da lehen aldiz ‘Zohardia’ dokumentala, Campos Eliseos antzokian, 19:30ean eta azaroaren 20an, Errekaldeko udaltegian aurkeztuko dute, 19:30ean. Aurrera begira egileek jakitera eman dutenez "emanaldiak egongo dira" hiriburu zein herrietan.
25.urteurrena
Errekalden, Josuren auzoan, urtero bezala hainbat ekimen antolatu dituzte. Oraingo honetan, urteurrena borobila dela eta, ohi baino gehiago.
- Azaroak 20, osteguna: Ametzolan Lore eskaintza eta 12:30ean Errekaldeko plazan. Senideek deitutako ekitaldiak.
- Azaroak 20, osteguna: ‘Zohardia’ dokumentala 19:30etan Errekaldeko Udaltegian. Zohardia kultur elkarteak antolatuta. 19:30e
- Azaroak 21, ostirala: Hitzaldia Teresa Toda, Elena Bartolome eta Julen Aginakorekin, Errekaldeko Udaltegian. Zohardia kultur elkarteak antolatuta. 19:30
- Azaroak 22 larunbata: Omenaldia Errekaldeko plazan. Zohardia kultur elkarteak antolatuta. 13:00