‘El Nombre’ lanak gatazka barregarria eragingo du Arriaga Antzokian

uriola.eus 2014ko aza. 5a, 12:30

Lagun talde bat afaltzen ari da, bikoteetako batek denbora gutxi barru izango duen umearen etorrera ospatzeko. Aita izango denak aukeratutako izenaren berri ematen duenean, erantzunak aho zabalik utziko ditu denak…

Hortik aurrera, bata bestearen ondorengo gatazkak eragingo dituen eztabaida dibertigarria sortuko da, zein baino zein barregarriagoa. Hori ikusita, antzezlanak izenburu posible bakarra du: El nombre.

Azaroaren 6tik 9ra Arriaga Antzokiaren eszenatokira igoko den lagun taldea ez da edozelakoa. Pertsonaien atzean Espainiako antzerki munduko antzezle handia dago: Amparo Larrañaga, Jorge Bosch, Antonio Molero, Cesar Camino eta Kira Miro.

Beraz, antzezle talde bikaina da El nombre laneko protagonistei bizia ematen diena, Matthieu Delaporteren eta Alexandre de la Patelliêreren Le prenom jatorrizko lan frantsesean oinarritutako Jordi Galceranen bertsio bikainean. Le prenom Parisko Edouard VII antzokian estreinatu zen 2010eko irailean eta hango arrakasta nagusietakoa bilakatu zen. Gero, antzezlanarekin oso leiala zen filma egin zen, Europa osoan arrakastatsua. 5 Cesar saritarako izendatu zuten eta horietako bi lortu zituen.

Arriagan ikusiko dugun El nombre antzezlana oso leiala da estilo frantsesarekin, eta une askotan Jaoui, Bacri, Thiery, Sibleyras eta, batez ere Yasmina Reza bezalako egile handien lanak gogoratzen ditu.

Antzezlan honen arrakastaren arrazoietako bat, bertan planteatzen diren egoerak, gure bizitzako uneren batean guztiok igarotakoak izan daitezkeela sentiarazteko duen gaitasuna da. Ikus-entzulea pertsonaiekin identifikatzen da, egoerak ezagunak egiten zaizkio: egoera jakin batean jartzen gaituzten adiskideak, une jakin batean azaleratzen den antzinako ezinikusia, zerbaiten edo norbaiten alde jarri beharra… oso gatazka ohikoak dira, eta El nombre lanean oso eszena dibertigarrien bitartez konpontzen dira, Arriaga Antzokira hurbiltzen diren ikus-entzuleek egiaztatu ahal izango duten bezala.

Sarrerak 8,50-25 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan.

Egokitua

Azaroaren 9ko ikuskizuna, igandekoa alegia, ikusmen urritasuna duten pertsonentzako egokituta dago, Arriaga Antzokiak ONCE-rekin sinatuta duen hitzarmena dela eta. Hitzarmen horren helburua pertsona horiei kulturara hurbiltzen laguntzea da. Antzezlanaren programa ere braillez izango da.