Programazio osatua eskainiko du Arriagak abenduan

uriola.eus 2014ko aza. 7a, 08:03

Besteak beste, Miguel de Molinari buruzko ikuskizun bat, Imanoli egindako omenaldia eta El lenguaje de tus ojos antzezlana egongo dira ikusgai.

Arriaga Antzokiak hiru ikuskizun gehituko dizkio denboraldi honetako bere programazioari. Abenduko lehen hamabostaldian eskainiko dira, abenduaren 4tik 14ra programatuta zegoen eta Coral Europa enpresa sustatzaileak, Estatuko bira osoa bertan behera uztea erabakitzean, karteleratik kanpo utzi zuen Marta tiene un marcapasos musikala ordezkatuz. 

Hiru ikuskizun oso anitz dira. Ordena kronologikoan, abenduaren 4an, Miguel de Molina, al desnudo lana izango dugu Arriaga Antzokiko eszenatokian, Angel Ruizek idatzitako eta antzeztutako lana, Juan Carlos Rubiak zuzenduta eta Cesar Beldak pianoan lagunduta. Jorge Javier Vazquez telebistako aurkezle ezaguna antzerki ekoizpenaren munduan sartu da Malagako tonadilla abeslariaren irudia gogorarazten duen ikuskizun eder honekin. Ez dira faltako, zelan bestela, betiko abeslariaren ahots bereziari lotuta egongo diren abestiak, Ojos verdes edo La bien paga, ezta Compuesta y sin novio, Me da miedo de la luna, La rosa y el viento, El zorongo edo Te lo juro yo bezalako koplak ere, beste askoren artean. Baina Miguel de Molinaren abestiak guztiok entzun ditugun arren, oso gutxi dira apurtzaile eta koplaren eraldatzaile izan zen gizon haren benetako historia ezagutzen dutenak. Ikus-entzuleekin elkarrizketa gisa aurkeztuko den ikuskizunak, Angel Ruizek antzeztuko duen Miguel de Molinaren iragana erakusten du, gaur egunetik, bere munduaren eta gugandik gertuen dagoen ingurunera bitarteko zubia eginez.

Astebete geroago, abenduaren 11n, ostegunean, Arriaga Antzokiak Imanol Gogoan 10 Urte jasoko du, Imanol Larzabali eskainitako omenaldia. 10 urte igaro dira euskal kantautorea hil zenetik. 56 urte zituela hil zen, baina ordurako bere aztarna utzita zuen euskal musikaren historian, bere ahots sakonari eta sentimenduz betetako letrei esker. Imanolek bere ekoizpen lan paregabearen partaide bilakatu gintuen, Lau haizetara, Poeta kaxkarra, Baionatik Bilbora, Zure tristura, Nere euskaltasuna, Mendian gora edo Barne kanta bezalako abesti ahaztezinen bitartez. Bere ibilbidean poeta handiak izan zituen beti ondoan, eta bere abestietarako letrak idatzi zituztenen artean Jon Mirande, Xabier Lete, Joseba Sarrionandia, Patziku Perurena, Juan Mari Lekuona, Koldo Izagirre eta Mikel Arregi aipa ditzakegu, beste batzuen artean.

Imanol Gogoan 10 Urte, berarekin aritu ziren abeslari, idazle eta musikari zenbaiten sentimendutik eta hurbiltasunetik Imanolen irudira eta lanera hurbildu nahi gaituen talde kontzertua da. Horrez gain, Euskal Kantagintzan ezinbestekoak diren melodia eta letra horiek gogoratu ahal izango ditugu. Artista donostiarraren garrantzia ulertzeko nahikoa da omenaldian parte hartuko dutenak aipatzea: Antton Valverde, Arantxa Irazusta, Pier Paul Berzaitz, Jabier Muguruza, Beñat Achiary, Amaia Zubiria, Erramun Martikorena, Mikel Markez, Caroline Philips, Xabier Euzkitze, Nahia Zubeldia, Txema Garcés, Mitxel Longarón, Mixel Ducau, Joxan Goikoetxea, etab.

Arriagako programazioan sartuko den hirugarren ikuskizuna, abenduaren 12an, 13an eta 14an, hau da, ostiraletik igandera, eskainiko den El lenguaje de tus ojos o el príncipe travestido antzezlana da. 1724an Marivauxek idatzi zuen Le Prince travesti o L´Ilustre aventurier testuaren Amelia Ochandianoren bertsioa da. Amelia bera da ikuskizun horren zuzendaritzaz eta eszenografiaz arduratzen dena, eta antzezle talde bikainaren buru Cristina Castaño eta Jacobo Dicenta izango dira. Gortez eta printzesez, intrigaz eta sobornoz, pertsonaiez eta ustelkeriaz… betetako istorioa da, beste garai batzuetako istorioa, baina, sarri askotan, bizi ditugun garai hauekin antzekotasun harrigarria erakusten du.

Sarrerak salgai gaurtik aurrera

Gaur, ostirala, azaroak 7, jarriko dira salgai hiru ikuskizun horietarako sarrerak, ohiko bideak erabiliz: www.teatroarriaga.com helbidea, 946 850 850 telefono zenbakia, antzokiko txarteldegiak aurretiazko salmenta ordutegian, edo Kutxabank kanalak.