Indarkeria sexista

Indarkeria sexistaren kontrako aldarria ozen zabaldu da Bilbon

uriola.eus 2014ko aza. 7a, 08:47

Ecuador Etxea

100 lagun inguru bildu ziren atzo arratsaldean Arriagako Plazan, astelehen arratsaldean Gasteizen hilik agertu zen 46 urteko emakumearen heriotza gaitsezteko. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak "argi ikusten du kasu horren atzean indarkeria matxista dagoela".

Astelehen arratsaldean, 42 urteko emakume bat hilik aurkitu zuten bere etxebizitzan, Gasteizen. Indarkeria zantzuak zituen eta bere bikotekide ohia atxilotu zuten heriotzarekin zerikusia izan zezakeelakoan. Oraindik ez dute esan bikotekideak hil duen hala ez, baina Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak "argi ikusten du kasu honen atzean indarkeria matxista dagoela". Gauzak horrela, elkarretaratzeak burutu zituzten atzo arratsaldean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Bilboko mobilizazioa 19:30ean izan zen Arriagako plazan. Bertan 100 lagun inguru bildu ziren "Indarkeria sexistari aurre egin" lelopean. Gasteizeko kasua gaitsezteaz gain, gogoan izan zuten ere, lau hilabetetan bere pisukideak hirutan bortxatu duen emakumea.

Atzo eman zuten erasoaren berri. Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu zuen asteartean Bilbon, bere pisukidea azken lau hilabetetan hiru aldiz bortxatzeagatik eta mehatxu egitea leporatuta.

Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez erasotzailea eta emakumeak lau hilabete zeramaten elkarrekin bizitzen eta denbora tarte horretan hirutan bortxatu zuen; gainera, heriotza mehatxuak egin zizkion.

Emakumea duela lau hilabete heldu zen Bilbora; bere senarra erasotzailearen dendan lan egitekoa zen. Bere familiak erasotzailearekin konpartitzen zuen etxea eta denbora tarte honetan hirutan bortxatu eta zerbait esatekotan bera eta bere familia hilko zituela mehatxatu zuen.

Astelehenean izan zen azken erasoa; emakumeak salaketa jarri eta hiru ordu geroago, erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuen Ertzaintzak.