Alex Angulo aktoreari Ohorezko Mikeldi saria emanen diote

uriola.eus 2014ko aza. 10a, 17:47

56. Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak joan den udan zendu zen Alex Angulo aktorea omenduko du, hil osteko Ohorezko Mikeldi saria emanez. Jaialdiaren amaiera ekitaldian, azaroaren 21ean, Mayda Zabala emazteak eta Dodo alabak jasoko dute saria Arriaga antzokian. Zinebi aste honetan, ostiralean, hasiko da.

Comicos de la Legua eta Karraka antzerki taldeetan hasi zen 18 urterekin Alex Angulo antzerkia egiten eta euskal antzerkigintza independentearen profesionalizazioan parte hartzen. Jaiotzez erandioztarra, deustuarra zen bihotzez. Bizi, berriz, Ciudad Jardin-Loruri eta Madril artean bizi zen. La fuga de Segovia izan zen bere lehen pelikula garrantzitsua, El día de la bestia bere lehen protagosnita eta Periodistas ospea eman zion telesaila.

Antzerkian, zinean eta telebistan jardun zuen eta beti ere apal eta umoretsu. Hiru aldiz Goya sarietarako hautagai izan zen.

2010ean Donostiako Zinemaldian Zinemira saria eskuratu zuen. Talde lanaren garrantzia goraipatu zuen saria jasotzean.

Ezustean zendu zen Alex Angulo aktore bilbotarra. Uztailaren 27an, Errioxan, auto istripu batean bere ibilgailua errepidetik irtetean hil zen. Lanera zihoan Alex, Zaragozara Gaizka Urresti zuzendari bilbotarraren Bendita calamidad filmaren errodajean parte hartzera. Filma momentuan eten zuten.