‘Beste hizkuntza batean bizitzea, idaztea’

uriola.eus 2014ko aza. 19a, 09:30

Argazkia: www.andotherstories.org

‘Emakume idazleen mundua’ programaren baitan, topaketa berria izango da gaur Frantzian bizi den Linda Lê idazle vietnamdarrarekin. Aurkezpena Rosa de Diego EHUko Frantses Literaturako katedradunak egingo du.

Bidebarrieta Kulturguneak iaz egin zuen bat ‘Emakume idazleen mundua’ literatur jaialdiarekin. Jaialdiak, emakumeek egindako literatur sorkuntzaren aniztasun bikaina erakutsi nahi du, eta zabaltzeko bokazioa du. Horrela, hainbat herrialdetako 120 emakume idazle igaro dira Donostian sortu ziren eta 27 edizioetan beste hiri batzuetara zabalduz joan diren topaketa horietatik. ‘Emakume idazleen mundua’, Luisa Etxenike idazleak koordinatutako proiektua da, Bilboko Institutu Frantsesaren, Bidebarrietako Liburutegiaren, Donostiako San Telmo Museoaren, Irungo Udalaren, Baionako Mediatekaren eta Cultura a mano babesle taldearen laguntzarekin.

1963an Vietnamen jaiotako Linda Lêk onartzen du ez duela bere jaiotzako hizkuntza ezagutzen, txikitatik Saigonen frantsesa ikasi baitzuen. 1977an heldu zen Frantziara, bere herrialdean gerra amaitu eta bi urtera, eta literaturaren bidea hartu zuen. Oso gazte zela hiru liburu argitaratu zituen, eta haien ondoren, “Les Evangiles du crime” heldu zen, zuen originaltasuna zela eta prentsaren aho bateko onespena jaso zuen lana.

1993an, Christian Bourgoisek bere bosgarren liburua argitaratu zion, “Calomnies” eleberria, itzuli ondoren Estatu Batuetan, Herbehereetan eta Portugalen ere argitaratua. Lan horren ostean beste batzuk etorri ziren, “Les dits d'un idito”, 1995ean; “Les Trois Parques y Voix ”, 1998an; “Lettre norte”, 1999an; “Personne”, 2003an; “Kriss/L’homme de Porlock”, 2004an; eta “In memoriam”, 2007an. Bere azken eleberria, “Lame de fond”, Goncourt Sariko lau liburu finalisten artean egon zen.

Rosa de Diego, bere aldetik, Frantses Literaturako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere ikerketak XIX eta XX. mendeetako frantses literaturan, Quebeceko literaturan eta antzerkian zentratzen dira, batez ere.