Lander Egaña ‘Maizenita’ kantaorearen lehen diskoko abestiak esklusiban Arriagan

uriola.eus 2014ko aza. 18a, 08:45

Lander Egaña, ‘Maizenita’ ezizenez ezagunagoa flamenkoaren barruan garrantzia hartzen doazen artisten artean gehien aipatzen denetako bat da. Artista handiekin gertatzen den bezala, zuzenean erakusten du bere potentzial osoa, eta, artista honen kasuan, ahoz ahokoak ideia bat zabaldu du ikus-entzuleen artean: Maizenitaren kontzertuak ikustekoak dira.

Arriaga Antzokiak Lander Egañaren bi emanaldi jasoko ditu: gaur eta bihar, azaroak 18-19. Gainera, Arriagako Gelatxoen barruan programatutako bi hitzordu horiek oso bereziak izango dira kantaore bilbotarrarentzat, izan ere, Maizenitak zuzenean aurkeztuko baititu, eszenatoki gainean, lehen aldiz eta esklusiban, kantaore flamenko gisa egin duen eta merkatura berehala aterako den lehenengo diskoa, Tierra Nueva, osatzen duten abestiak. Arriaga Antzokian eskainiko dituen kontzertuak, beraz, lan horren aurkezpen ofiziala izango dira. Zortzi abestiz osatutako lana da, eta Maizenitak hainbat palo lantzen ditu, flamenko sakonenaren eta garbienaren aurrean duen zaletasuna erakutsiz.

Artistak moldakortasun bera erakusten du eszenatoki gainean. Horrela, flamenko errezitaldi horietan interpretatuko dituen paloak hauek dira: martinetea, tientoak/tangoak, soleá, alegríak, bulería soleátik, seguirilla, fandangoak eta buleríak. Horretarako, Maizenitak lehen mailako laguntzaileak izango ditu, Juanmi Zarzuela gitarra jotzailea eta José Peña eta José Rubichi txalo jotzaileak.

Maizenitari buruz

Lander Egaña, Maizenita, Bilbon jaio zen orain 24 urte, musikaz betetako familia batean –Iñaki Egaña aitak baxua jo zuen Barrabás, Los Bravos, Los Brincos, Imán Califato Independiente... taldeetan–, baina flamenkoarekin izan zuen harreman bakarra, gazteak, Txurdinagan, bere auzoan, mutil ijito gazteekin izandako harremana izan zen.

Maizenita izen artistikoa aitaren umoreak eman zion. Egun batean, Lander bere gelan abesten ari zela, sukaldeko armairu bat zabaldu eta arto irin famatuaren pakete bat aurkitu zuen.

Kantaore flamenko gisa zuen bokazioarekin aurrera egiteko asmo sendoa erakutsita, Lander Egaña Jerez de la Fronterara joan zen bizitzera, eta bertako peña flamenkoetan eta kultur zentroetan abestu du, eta baita  2012ko, 2013ko eta 2014ko Jerez de la Fronterako jaialdian, besteak beste, beti ere Juanmi Zarzuelak gitarrarekin lagunduta, eta une honetako kantaore handienen ondoan. 2012an, La Paquera de Jerez peña flamenkoak antolatutako Donostiako Kante Flamenko XII. lehiaketako Lehen Saria eta Ohorezko Saria lortu zituen.

Sarrerak 8 eta 12 euro artean salgai www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.