Lehenengo partean Ute Lemperrek bere ahotsa jarriko die Nerudaren hamabi maitasun poemari, gaztelaniaz interpretatuz, eta baita frantsesera edo ingelesera egindako itzulpenak ere. Abeslariak berak azaldu ditu poeta txiletarrari eskainitako omenaldi horren arrazoiak: “Bere maitasun poemak aukeratu nituen, trinkoak, apolitikoak, sentsualak eta dialektikoak direlako. Ezin hobeak musika jartzeko, bertsoetan musika dutelako jada”.
Nerudaren poemak interpretatu ondoren, taldeak Ute Lemperren ibilbidean zentratuago egongo den kontzertuaren bigarren parteari ekingo dio. Horrela, ikus-entzuleek abeslari alemanaren abesti arrakastatsuak entzun ahal izango ditu, eta horien artean ez dira faltako Kurt Weill, Jacques Brel, Friedrich Hollaender edo Leo Ferre artisten abestien moldaketa pertsonalak.
Kontzertuan zehar entzungo den musika Lemperrek sortutakoa da, Marcelo Nisinman musikari argentinarrarekin elkarlanean. Gainera, Arriagako eszenatoki gainean sei musikarik osatutako taldea egongo da, guztien buru abeslari alemaniarra izanik. Berarekin batera Victor Hugo Villena (bandoneona), Vana Gierig (pianoa), John Benthal (gitarra), Steve Millhouse (baxua) eta Cyril Garac (biolina) musikariak izango dira. Kontzertua arratsaldeko zortzietan hasiko da eta sarreren prezioak 9,50 eta 32 euro artean egongo dira webgunean salgai edo antzokiko txarteldegietan salmenta ordutegietan.