‘Más alla de Bilbao’ aurkeztuko dute ZINEBI 56ren amaiera ekitaldian

uriola.eus 2014ko aza. 20a, 14:30

ZINEBI 56, Kataluniako Filmotekarekin elkarlanean, Raul Peña zinegileak zuzendu zuen ‘Más alla de Bilbao’ film labur dokumentala aurkeztuko dute bihar, azaroak 21, Arriaga Antzokian 20:00etan hasiko den jaialdiaren amaiera ekitaldian.

‘Más alla de Bilbao’ , garai hartan egile zine izenez ezagutzen zen moduan egindako saiakera da, hiriaren zenbait alderdi azkartasunez eta estilo poetikoa erabiliz irudikatzeko sortua: industria, portua, zeru itxia, itsasadarra, Abra, kaleak… guztia bertako jendearen lanerako izpirituan oinarrituz. Filma egin zen urte berean estreinatu zen, garai hartan Festival Internacional de Cine Documental Iberoamericano y Filipino de Bilbao izena zuen jaialdian, egungo ZINEBIren aurrekoan hain zuzen.       

ZINEBIren ekimenari esker, orain berriztatu den film laburra, Itsasadarrari eta garai hartako Bilboko hiriguneei buruz koloretan egindako lehenengo erretratutzat har daiteke. 

 

Amaiera ekitaldia

Ohikoa denez, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian ospatuko den jaialdiaren amaiera ekitaldian ZINEBI 56ko irabazleen zerrenda ezagutaraziko da, eta duela gutxi zendu den Alex Angulo antzezleari hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango zaio. Aintzatespena Mayda Zabala emazteak eta Dodo alabak jasoko dute.