Sorgin arratsalde/gaua Arriaga Antzokian. Hori da datorren igandean, azaroaren 23an, arratsaldeko 19:00etan, Leioa Kantika Koralak eskainiko duen Vampirabile ikuskizunera joango diren ikus-entzuleek bilatu eta aurkituko dutena. Abesbatzaren eta Karmina Silec zuzendari eta koreografoaren arteko lankidetzatik sortutako proposamena da.
Vampirabile lanean, abesbatzek egiten duten musika garaikidearen zazpi pieza eta haien arteko beste horrenbeste zubi eskainiko dira, herri sinesmenen, izaki misteriotsuen, sorginen… inguruko mitoak, tradizioak eta sorginkeriak bizitzeko eta gogoratzeko. Interpreteak beste munduko izaki gisa agertuko dira. Gaua erortzen denean biziberritu eta esnatu egingo dira, zenbait lanen bitartez, hainbat kulturatako sorginkeriak erakusteko. Horrela, abesbatza/ahots musika, dantza eta narrazioa uztartuz, Leioa Kantika Koralak hainbat jatorritako tradizioak gogoratuko ditu, Esloveniakoa, begizkoaren eta sugeen haginkaden kontra babesteko, Groenlandiako eskimalena, elur ekaitzak urruntzeko eta eguzkiari deitzeko, Finlandiakoa “trollak” gerarazteko edo Euskal Herrikoa, magiaz betetako akelarrea, besteak beste.
Hau da, elkarren artean urrun dauden eta desberdinak diren hainbat herrialderen antzinako mitoek eta sinesmenek, superstizioek eta tradizioek, elkarren artean zein gertu dauden erakutsiko digute, denon harridurarako. Tradizio horietako batzuk Vampirabile lanean ikusi ahal izango ditugu, euskara, gaztelania, ingelesa edo esloveniera erabiliz, magiazko sorginkeriari deitzeko erabiltzen diren dialekto ezezagunekin batera. Horren guztiaren nahasketa da Vampirabile, aldi berean osagai asko nahasten dituen ikuskizun ederra: mundu mitikoak, irudimena eta errealitatea, natura eta gizakia, sinesmenak eta esperientziak, itxaropenak eta beldurrak, boterea eta botere falta… eta askoz gehiago.
Leioa Kantika Korala benetako erreferentea da egungo abesbatzen panoraman, aurrera eramaten dituen programazio ausartengatik zein eszenan jartze zainduarengatik, eta umeen abesbatzetarako idatzitako musika berria eskatzeko eta estreinatzeko duen konpromisoarengatik. Orain, Basilio Astúlez buru duen taldea Arriaga Antzokira helduko da, Karmina Silec-en zuzendaritza artistikoa duen Vampirabile proiektuarekin.
Ikuskizunerako sarrerak 7-16 euro bitartean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan.