Urte osoan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak jarduera egitarau zabala jarri du martxan 1864ko irailaren 29an Miguel de Unamuno Bilbon jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko. Kultur egitarauari jarraipena emanez, gaur, azaroak 25, 19:30ean, Bidebarrieta Kulturguneak, Miguel de Unamunok eta Ortega y Gassetek, euren planteamendu filosofikoen inguruan izan zituzten desadostasunetan sakonduko duen hitzaldia jasoko du.
Bi egileen arteko desadostasun formalak aztertzearen eta beti oso ona izan ez zen harreman hori jendearen aurrean azaltzearen arduradunak, Javier Zamora Bonilla Ortegaren Ikasketa Zentroko Zuzendaria eta Patxi Lanceros Ezagutzaren Teoria eta Filosofia eta Antropologia Politiko irakaslea izango dira. Izan ere, Unamunok desadostasun sakonak izan baitzituen bera baino hemeretzi urte gazteagoa zen Ortega y Gassetekin, eta bi genioen izaera indartsuaren eta ez isiltzearen ondorioz, lehia horren ondoriozko gertakariak eta anekdotak ugariak izan ziren.
Programaren amaiera
Unamunoren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldien zikloa abenduaren 19an amaituko da, Juan Carlos Sanchez Gomezek zuzendutako Enclaves de Unamuno dokumentalaren emanaldiarekin. Dokumentalak ibilaldia proposatzen digu, idazlearen azken urteak jaso zituzten Salamancako hiriko txokoetatik. Ondoren, Jose Antonio Ereñok, Unamunoren harremanak bizi izan zen hiriekin izeneko solasaldia gidatuko du. Bertan dokumentalaren zuzendariak, Marcial Morera filologoak, La Sorbonneko unibertsitateko Colette eta Jean-Claude Rabate irakasleek eta Pablo Unamunok, idazlearen bilobak, hartuko dute parte.