Ondoz ondoko hirugarren urtez, euskal musikako izen handiak 'Sortuko dira besteak' galan elkartuko dira, estilo eta belaunaldi desberdinetako kantariak eszenatokian elkarrekin ikusteko aukera paregabea eskainiz. Aurtengo edizioan, izen berriak gaineratu dira: Mixel Ducau kantari beteranoa, Errobi talde mitikoaren sortzailekidea, eta John Berkhout indie banda gipuzkoar gaztea. Hauekin batera, Alex Sardui Gatibu taldeko kantaria eta Mikel Urdangarin eta Petti kantautoreak taularatuko dira, baita etorkizun oparoa duten bi ahots gazte ere, Estitxu Pinatxo eta Olatz Prat.
SDB2014 abiaraziko duen kontzertua Arriaga Antzokian antolatuko da igandean, azaroaren 30ean, eta abenduaren 27an Donostiako Kursaalean izango da ikusgai Ainhoa Arteta eta Eñaut Elorrietaren partaidetza bereziaz, gainerako kantari guztiekin batera. Ekimen honen bitartez, euskal musikagintzaren egungo ahots nagusiak eszenatoki berean elkartuko dituen errezitaldi kolektibo bitxi eta berezia eskaini nahi da urteko sasoi honekin bat eginez.
Ohiturari jarraiki, ‘Sortuko dira besteak’ galaren hirugarren edizio honetan, ikuskizuneko protagonisten kantuez gain, Euskal Herriko eta nazioarteko doinu klasikoak ere entzun ahal izango dira. Hortaz, publikoak jatorri desberdinetako kantuen aukeraketa zabal eta anitzaz gozatzeko aukera izango du, Harkaitz Cano eta Juan Garzia idazleek Pink Floyd, James Brown edo Joe Cockeren sinadura daramaten rock anglosaxoiko kantu ezagunen gainean landutako euskarazko moldapen argitaragabeak barne. Ikuskizunak alderdi literarioa ere izango du, izan ere, Kirmen Uribe poetak emanaldi honetarako propio osatutako zenbait testu argitaragabe errezitatuko baititu.
Joxan Goikoetxea musikagile, musika-jotzaile, moldatzaile eta ekoizlea arduratuko da musika-zuzendaritzaz. Goikoetxeak soinujole gisa parte hartu du hainbat musika-proiektutan, baina horrez gain, artista askoren laguntzaile eta ekoizle diskografikoa izan da, hala nola, Xabier Lete, Imanol edo Mikel Laboa euskal artista ezagunak edota Paco Ibañez, Dulce Pontes, Fernando Velazquez, Emilio Aragon eta kanpoko beste hainbat kantari ospetsu. Taula gainean, Xanet Arozena, Txema Garces, Luis Fernandez, Xabier eta Miren Zeberio, Iosune Marin, Oriol Flores eta Nika Bitchiasvil musikariek lagunduta agertuko da.
‘Sortuko dira besteak’ ikuskizunaren ibilbidea
2012an sortutako ikuskizun kolektiboa da, hasieran nazioarteko kantautoreen klasikoak egokitzea helburu zuena. Aurreko urtean, Eñaut Elorrieta, Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Petti, Arantxa Irazusta eta Pier Paul Berzaitz, 2010ean zendutako Xabier Lete poeta eta kantariaren omenezko kontzertu-sorta baterako elkartu ziren. Sentiberatasun eta musika-estilo desberdinen arteko lehen topaketa hartatik, kontzertu-sorta berri bat antolatzeko asmoa sortu zen, Bernardo Atxaga eta Harkaitz Cano idazleak eta Amets Arzallus bertsolaria tarteko zirela.
Leteren ondarea eta lorratza ondo errotuta geratu dira kantari eta musikari horien sentimenduetan, eta horrexek bultzatu ditu ikuskizunari ‘Sortuko dira besteak’ izena jartzera. Izarren hautsa poema ezagunetik ateratako izenburu horrek ezin hobeto islatzen du poeta oiartzuarrak belaunaldi gazteei egindako gonbita, aurreko musikari eta sortzaileen lanari jarraipena eman diezaioten.