Oinarrizko eskubideak aldarrikatu dituzte etxerik gabeentzat

uriola.eus 2014ko aza. 27a, 13:36

Argazkia: Ecuador Etxea
Alusine, 29 urtekoa, Bilbon hil zen azaroaren 25ean, paradoxikoki “etxerik gabeko pertsonen” egunean. Horrela izanik, etxerik gabeko sei pertsona hil dira 2013an Bizkaian, orain arte, beren bizimodu zailaren ondorioz. Etxerik gabeko lagunen errealitate "larria" plazaratu nahi izan dute gaur Areatzan. Beste Bi plataformak deituta hainbat herritar batu dira osasunerako eta etxebizitzarako eskubideak aldarrikatzeko. "Etxerik gabeko pertsonen eskubideak ere badirelako". 

Etxerik gabeko pertsonen eta etxebizitza eskubidearen aldeko Beste Bi plataformak, hil berri den pertsona gogoan hartzeaz gain, Bizkaiko gizarte osoa ohartarazi nahi du "gure inguruan etxerik gabeko pertsonek bizi duten egoera larriaz".

Alusine, Sierra Leonako 29 urteko gizonezkoa, hilda aurkitu zuten azaroaren 25ean, goizez gaua pasatzeko dispositibo batean. Hiru egun baino ez zeramatzan bertan lo egiten. Sierra Leona atzean utzi zuen gatazka armatuetatik ihes egiteko, gaur egun ere bertan pairatzen ari direnak, eta 2004an heldu zen gure herrialdera. Asiloa eskatu zuen baina ezeztatu egin zitzaion. Hainbat leku eta egoeratan egon ondoren, 2010ean Bilbon finkatu zen, eta bertan egon da hil arte.

Alusine nahiko ezaguna zen gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako hainbat baliabidetan: aterpetxeak, eguneko zentroak, jantokiak… Bere osasun-egoera nahiko ahula zen eta okertuz joan zen, kalean denbora eman ahala. Orduan legeak markatzen zuen urtebeteko errotzea betetzear zegoela, 2011ko abenduan indarrean sartu zen araudi-aldaketak eragin zion, gutxieneko denbora urtebetetik hiru urtera aldatu zuena, eta ezin izan zuen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta lortu (2014rako egiteke zegoen). Horrek, zalantzarik gabe, bere bazterkeria egoera larria are gehiago larriagotu zuen. Burugogorra zen bera, eta bere ahots ozenaren bidez "hemen nago" adierazten zuen, eta "ikusezin" izateari uzten saiatu zen.

Beste Bi plataformak gure inguruan bizi diren etxerik gabeko pertsonen egoera prekarioa salatu nahi du. "Egoera pertsonal zailak izaten dituzte, askotan gaixotasun fisiko nahiz mentalekin batera, eta harreman pertsonal oso urriak". Horren ondorioz garaia baino lehen hil ohi dira, batez besteko adinera heldu baino 20 urte lehenago. Horrela izan da aurten hildako sei pertsonen kasuan.

Gurea bezalako gizarte batek, aurreratua, osasuntsua eta inklusiboa, bere esku dituen baliabide guztiak jarri behar ditu etxegabetasuna albait arinen desagerrarazteko, bi ekintza ildo nagusiren bidez: Batetik, gizarte-bazterkeriaren prebentzioa, pertsona gehiago egoera horretan ez egoteko eta bestetik, egoera horretan dauden pertsonentzako gizarteratze eta suspertze-bideak eskaintzeko baliabide eta tresnak ematea.

Omenaldi hau amaitzeko, Beste Bi plataformak Bizkaiko gizartea osatzen duten pertsona, erakunde eta instituzio guztiei dei egin nahi die "ahultasun eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonen alde lan egiteko, orain, krisi garaian, are gehiago".